Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Martxa egingo dute igandean
http://youtu.be/sgU7xb1kwYg
Martxoaren 21a Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna da, eta data horren inguruan ospatzen dute urtero Trintxerpetik Donostiaraino egiten den martxa. Azken urte hauetan egin ohi duten moduan, IES Usandizagako Publizitate Grafikoko ikasleek egin dute komunikazio kanpaina, eta martxaren gaurko aurkezpena ere beraiek gidatu dute. Bideo honetan ikus daitekeen moduan, prentsaurrekoaren aurretik, Artzain Onaren elizaren paretik Koldo Mitxelena Kulturunearen pareraino etorri dira paperezko poltsak, pegatinak eta eskuorriak hartuta. Ondoren, aurtengo leloa Likidaziorik Ez osatu dute, beherapenetan erabiltzen diren moduko paperezko poltsak buruan jarrita. Modu honetara krisiak eta murrizketek gizarte osoarengan eta bereziki etorkinengan izan duten eragina salatu nahi izan dute.
Eskubide berdintasuna izango da, hain zuzen ere, igande honetan egingo den martxan aldarrikatuko dutena. Martxa goizeko 11:30ean aterako da Trintxerpeko merkatuaren paretik, eta 13:00etan espero dute Donostiako Bulebarrera iristea.