Asteburu honetan abiatuko da Ohorezko Mailako Sofbol Liga
Emakumezkoen bi talde gipuzkoarrek jokatzen dute Espainiako Ohorezko Mailako Sofbol Ligan, Donostiako Atletikok eta Orioko Bizkorrak. Asteburu honetan bertan ekingo diote lehiari, eta horren berri emateko prentsaurrekoa egin dute gaur goizean.
Argi utzi du Patxi Arnal entrenatzaileak Orioko taldeak esperientzia gehiagoko jokalariak dituela, eta gutxienez, ‘Play off’-etarako sailkatzea duela helburu, Ligarengatik borrokatzeko. Gainera, Europako Kopa jokatuko du, Bulgarian. Donostiako Atletiko, berriz, trantsizio garaia bizitzen ari da, eta jokalari helduak dituen arren, sei jokalari jubenil ditu taldean. Beraz, helburu apalagoak ditu. “Lehenengo lauen artean sartzen saiatuko gara, Kopa jokatu ahal izateko”, aipatu du Orec Morales entrenatzaileak. Hala ere, Moralesek onartu du klubak arlo ekonomikoan ez duela Kopa jokatzea barneratu momentuz.


