Museum Cemento Rezolaren itxura berria aurkeztu dute
Añorgako Museum Cemento Rezolak eraberritutako eraikina aurkeztu du gaur goizean. Izan ere, Ekain Olaizola arkitektoak eta Pedro Olaizola biologoak bultzatutako Zementu Biziduna ekimenari esker, museoaren kanpoko itxura eraldatu dute. Otsailean eta martxoan bi tailer egin dituzte, auzoaren eta museoaren arteko lotura bultzatzeko helburuarekin. Lehen tailerrean, zementuzko plaketan euren esku markak utzi zituzten hainbat haur añorgatarrek; bigarren tailerrean, berriz, landarez bate zuten eraikina, hainbat auzotarren laguntzarekin. Egindako lanaren emaitza erakutsi dute gaur. Hala, eraikinaren kanpoaldean, haurren esku markez betetako zementuzko plakak eta landareen kolorea ikus daiteke.
Jose Maria Etxarri, Rezolako ohorezko presidentea da, eta aurkezpenaren harira proposamen bat egin dio Donostia Kulturako Amaia Almirall zuzendariari. 1813ko hiriaren erreketaren bigarren mendeurrena dela eta, museoak ere zerbait egin dezakeela esan dio. “1813an ez, baina hortik 37 urtetara Rezola jada lanean ari zen, eta hiriaren berreraikitzearekin lotura zuzena izan zuen. Beraz, Cementos Rezolaren irudia presente dago hirian. Artxiboan ditugun 20.000 argazkien artean aukeraketa eginez, erakusketa bat zabaldu dezakegu”, adierazi du Etxarrik. Almirallek erantzun dio ez dagokiola Donostia Kulturari erabaki hori hartzea, baina ekimenetaz arduratzen ari den sailari emango diola bere gogoaren berri.