700 lagunek egin dute arrazakeria eta xenofobiaren aurkako martxa
Martxoaren 21a Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna da, eta urtero bezala, Trintxerpetik Donostiaraino martxa egin dute.
Euriari aurre eginez, 700 pertsona inguruk parte hartu du gaur goizean egin den Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako XVI. Martxan. Antolatzaileak, SOS Arrazakeria, Gipuzkoako GGKE eta Medicusmundi Gipuzkoa elkarteak izan dira eta 63 gizarte eragile eta sindikatuk egin dute bat aurtengo martxarekin. Ibilaldi antirrazistan parte hartu dutenek salatu dute krisiaren aurka hartzen ari diren neurriak populazio osoaren kaltetan direla, jatorria alde batera utzirik.
Martxa, Murrizketarik ez: beherapen garaian, likidaziorik ez lelopean egin dute. Antolatzaileek azpimarratu dute, martxak aurten izan duen atxikimendu kopurua orain arte sekulan izandako altuena izan dela. Hala nola, Esperanza Latina, Adiskidetuak, ELA, ESTE edo CCOO sindikatuak, Caritas edo Stop Deshaucios bezalako eragileek babaestu dute martxa.
Bost kilometro, aldarrikapenerako
Urtero bezala, eta Martxoaren 21, Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan, Gipuzkoako gizarte eragileek Trintxerpe eta Donostia arteko 5 kilometroko ibilaldia bete dute.
Manifestazioa, 13:00 inguru iritsi da Bulebarrera eta han aldarrikapena irakurri dute. Gipuzkoako SOS Arrazakeriako Agustín Unzurrunzagak esan du, krisialdi honetatik “guztiok elkarrekin aterako garela”, bestela ateratzea ezinezkoa izango dela; “Gipuzkoan 700.000 biztanle dago, horietatik 46.000 atzerritarrak dira, %6,5a 110 herrialdeetatik etorritakoak. Guztion artean antolatu behar dugu elkarbizitza jendarte honetan, jatorri nazionala, azalaren kolorea, edo daukagun edo ez dugun erlijioa alde batera utzirik”, esan du.
Krisiari dagokionez, etorkinengan duen eragina ere azpimarratu du; “bidegabeko neurri hauek guztiak zaurgarriagoak bihurtzen gaituztela egoera bereziki zaila bihurtuz etorkinentzako, aurretik baldintza gogorragoak baitituzte”, azaldu du.