Euskal atleta beteranoei harrera egin diete aldundian (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera egin die Beteranoen Europako Atletismo Txapelketan parte hartuko duten Euskal Herritarrei. Euskal selekzioko elastikoak oparitu dizkie aldundiak, ekimenean izan diren atletei, eta politikari eta kirolariek elkarrekin familia argazkia atera dute. Berezko selekzioa izan gabe ere, “euskaldunak gure ikurrarekin ikusi ahal izatea” pauso garrantzitsua dela azpimarratu du Martin Garitano ahaldun nagusiak. “Herri baten eskubidea da selekzio propioa izatea, eta bere kirolariak euren herriaren izenean lehiatzea. Estaturik gabeko nazioa gara, baina gure selekzioa munduan ezaguna da dagoeneko. Urratsak ditugu aurretik emateko. Gaur pauso berri bat eman dugu. Hori dugu erronka eta bide horretan egin behar dugu euskaldunok aurrera”, adierazi die Garitanok.
Txapelketako lehen lehiak bihar bertan hasiko dira, Belodromoan gehienak, eta igandera arte luzatuko da txapelketa.