Mikel Laboa katedra sortu du Euskal Herriko Unibertsitateak
EHUk eta Gipuzkoako Aldundiak hitzarmen baten bidez bultzatu dute Mikel Laboa katedra. Juan Kruz Igerabide idazlea da Katedraren zuzendaria, eta EHUko Carlos Santamaria Zentroan dago bere egoitza.
Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoarekin, Mikel Laboa katedra sortu du. Katedra honen bidez, euskal kultura eta ondarea ikertzeko asmoa dute. Mikel Laboaren eredua erdigune izango da bide horretan, eta euskal folklorearen zenbait ildo ikertuko dira. Aurten besteak beste, katedra ezagutzera emateko, doktorego-bekak eskainiko dira, Mikel Laboa kantu-sormen lehiaketa egingo dute, eta Laboaren lana Euskal Herritik kanpora ezagutzera emateko zenbait ekimen bultzatuko dituzte.
EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaria Zentroan aurkeztu dute katedra. Parte hartu dutenen artean Marisol Bastida izan da, Mikel Laboaren alarguna.