Gaurko ez ohiko udalbatzarra. (Argazkia: Nagore Koch)
Donostiak aurrekontua du 2013rako, gaurtik aurrera; Bildu gobernuan dagoenetik lehen aldiz. Gaurko ez ohiko udalbatzarrean adostu dute, oposizioko udal taldeek osotasunari emendakinik ez baitiote aurkeztu.
Aurrekontuak 358,9 milioi euro ditu. Behin adostuta, hainbat obra abian jarriko dituzte datozen aste eta hilabeteetan; Atotxako autobus geltokiaren lanak, tartean, 7,3 milioi aurreikusi dituztelako horretarako. Hain zuzen ere, hainbat dira udalak esku artean dituen egitasmoak 2013rako. Autobus geltokiaz gain, Urumean egin beharreko lanek lehentasuna dute; 2,8 milioi jaso dituzte Txomin Enea eta Martuteneko lur batzuen jabetza eskuratzeko, lehen eraiste lanak egiteko eta bizilagunak etxez aldatzeko. Hau guztia uholdeak saihesteko xedearekin.
Kulturan, Tabakalerarako 3,1 milioi aurreikusi dituzte, eta hiriaren berreraikitzearen bigarren mendeurrenaren harira antolatutako hamahiru ekimenentzako, 1,2 milioi. Donostia 2016 Europako kultur hiriburuarentzat ere kopuru handia dute jasota: 1,3 milioi.
Bestalde, Añorga eta Loiola bulebar bihurtzek 1,6 milioi jaso dituzte. Kopuru horretan Carlos I.a egokitzeko azterketak aurreikusi dituzte. Era berean, Grosen Peña y Goñi eta Erdialdean Garibai kaleak oinezkoentzat egokitzea adostu dute.
Etxebizitza arloari dagokionez, 11 milioi finkatu dituzte alokairu soziala sustatzeko eta gazte eta helduei zuzendutako ekimenentzat; Pagolan eta Intxaurrondon, hurrenez hurren.
Bestalde, enplegua sustatzeko bigarren planarentzat 3,5 milioi aurreikusi dituzte; merkataritzaren aldeko jarduerak daude jasota egitasmo honetan. Turismoari dagokionez, Donostia Turismori egin dioten ekarpena 1,5 milioikoa da, erakunde horren aurrekontua 2,5 milioikoa denean.
Kirol baliabideek ere tartea dute aurrekontuan. Herrera eta Martuteneko futbol zelaiak berrituko dituzte, Herreran jolas gune bat egingo dute eta Altzako kiroldegia txukunduko dute.
Era berean, auzoetan konponketa lan asko egingo dituzte; mantentze eta asfaltatze lanak, kasu. Auzoz auzo egindako bileretan jasotako ekarpenei erantzuteko, 5 milioi euro aurreikusi dituzte.
Julimaseneko urbanizazioa, Papineko errepidea, Intxaurrondon bi haur eskola eraikitzea, euskara kalean sustatzea, Enertic, etxebizitzak eraberritzeko diru laguntzak, Kursaal handitzea, Loiolako Erriberako urbanizazioa, Zubiaurreko pasabidea, 30 kilometro orduko guneak, Parte Zaharreko hondakin bilketa, Añorgan haur parke bat egitea, bizikleta aparkalekuak, Añorgako Karmengo Amako errepidea, Koruko Andramariko irisgarritasuna hobetzea… beste hainbat egitasmo daude jasota aurrekontuan, aurten egiteko.