'Europa Konstelazioa' erakusketa beste hilabetez egongo da zabalik
Apirilaren 21era arte izango da zabalik San Telmo Museoan.
Europa Konstelazioa erakusketa beste hilabetez egongo da zabalik, eta beraz, hilaren 21era arte bisitatu ahal izango da Donostiako San Telmo Museoko Laborategi Aretoan. Bisitatzeko ordutegia ohikoa izango da: asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara. Sarrera doakoa da.
Antzinako herri eta zibilizazioek izarrak irudizko marren bidez elkartu eta zeru-esferaren gainean irudi birtualak sortu zituztenean bezala, erakusketa honetan Europa irudizko sare bat bailitzan imajinatzea eta pentsatzea nahi dute. Artistek gizarte-mailako gaiak lantzen dituzte, herritarrei galdera egitea helburu duten arazoak plazaratzeko: kultura-erakundeen eginkizuna, hezkuntza, eleaniztasuna, desberdintasun kulturalak, immigrazioa edo negoziazioa, iragan historiko eta memoriarekikoa. Arte garaikideak gizarte-eduki hori guztia erabiltzen du, eta, artisten begirada subjektiboaren bidez, gizarteari itzuli egiten dio.