Gaur hasiko dira Karmengo Amako errepidea bukatzeko lanak
Karmengo Ama eta Añorgako GI-20 errepideko 0+520 puntu kilometrikoan dagoen biribilgunea lotuko dituen errepide berria bukatzeko lanak hasiko dira gaur. Hilabeteko epean egitea espero dute. Eginbehar nagusiak hauek dira: euri-uren biltegi berri bat jartzea, galtzadako zorua egitea, espaloian zoladura jartzea, argiteria-sarea ezartzea, eta baita hesi metaliko eta barandak ere.
Eusko Trenbide Sareak hasi zuen obra, topoan bi bide eraikitzeko proiektua egin zuenean, baina errepidean bide bakarra egitea aurreikusita, espaloirik eta bidegorririk gabe. Donostiako Udalarentzat hura ez zen nahikoa bertako bizilagunek egindako eskariei erantzuteko, aurretik egindako parte-hartze prozesuan aipatutako elementu horiek beharrezkotzat jo baitzituzten. Horregatik, hasierako diseinu hori gauzatzea erabaki zuen. Beraz, errepide berriak bi errei izango ditu, bata igotzeko eta bestea jaisteko, 3,5 metro inguruko espaloi bat, eta errotondatik aurrera Foru Aldundiak eraikitako bidegorriarekin elkartuko da. Gainera, errepide berriak etxeen kota bidegorriko kotarekin bateratuko du.
Espaloiak Añorgako eremuen arteko lotura funtzioa beteko du, antzinako oinezko pasabidearen ordez, segurtasun arazoak saihestuz. Izan ere, ikuspegi urbano batetik proiektatu da, eta zirkulazio dentsitatea ez da handia izango. Bestalde, Añorgako herritarren arteko lotura handituko du.