Hassanna Aalia giza ekintzaile sahararrak bere egoeraren berri emango du hitzaldi batean
Donostiako Udalaren Lankidetza Sailak Sahara Mendebaldean bizi duten egoerari buruzko hitzaldi bat antolatu du ostiralerako. Hassanna Aalia giza eskubideen aldeko ekintzaileak bere egoeraren berri emango du Gdeim Izik-eko 24ak izenez ezagututako epaiketan Marokok auzi-ihesean auzipetu eta bere aurkako biziarteko kartzela-zigorra eman ondoren. Hitzaldia ostiralean izango da, martxoaren 22an, 19:00etan, Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan, San Jeronimo kalean. Auzi-ihesean zigortu dute Aalia, epaiketa egin bitartean Euskal Herrian erbesteratuta baitzegoen. Uneotan, bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman dute bere aurka, eta asilo politikoa eskatu du. Sumario osoa “gezurretan” dago oinarrituta, bere hitzen arabera.
Juan Karlos Izagirre alkateak aurkeztuko du hitzaldia, eta herri sahararrak 2010eko urriaren 10ean eraikitako kanpalekuari buruzko dokumental bat emango dute bertan: Gdeim Izik. Erresistentzia sahararraren kanpalekua. Guztira 20.000 saharar baino gehiago hartu zituen kanpalekua indarrez desegin zuen Marokok 2010eko azaroaren 8an. Indar militar eta polizialek ehunka saharar atxilotu zituzten.
Hainbatetan atxilotu eta torturatu zuten Hassanna Aalia, desagertuta ere egon zen: «Gdeim Izik-eko kanpalekua desegin ostean, 200 lagun baino gehiago sartu zituzten Aaiuneko Kartzela Beltzean. “Guztiok torturak jasan genituen bost edo sei egunez. Emakumeak bortxatu egin zituzten, baita neska gazte asko ere. Galdetzen ziguten nola antolatu ginen, nondik eskuratu genituen banderak, nork egiten zituen, nola jaso genituen Fronte Polisarioren jarraibideak. Nik ihes egin nuen, eta lau hilabetez ezkutaturik egon nintzen”. Handik gutxira, itzultzea erabaki zuen, eta berriro atxilotu zuten. Azkenik, behin-behineko askatu zuten, epaiketaren zain. Gdeim Izik kanpalekuan aurreneko aldiz aske bizitzea zer den jakin zuela dio Aaliak.
Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbideko irakasle eta Giza Eskubideen Behatzaileen Nazioarteko Elkarteko presidente Juan Soroetak ere hartuko du parte hitzaldian. Soroetak behatzaile-lanak egin ditu epaiketan, eta Eusko Legebiltzarrean gaur goizean bertan aurkeztu du epaiketan egindako txostena.