Ogasun ordezkari Javi Vitoria. (Argazkia: Nagore Koch)
2013ko aurrekontua adosteko ez ohiko udalbatzarra abian da, 13:00az geroztik. Ogasun ordezkari Jabi Vitoriak ireki du saioa, adostuko duten aurrekontuaren nondik norakoak azaltzeko.”Hiriaren eredu bat islatzen dute aurrekontu hauek”, esan du, eta zenbakien atzean herritarrak daudela nabarmendu du. Banan-banan zerrendatu ditu atal guztietako aurrekontuak, baina lehenago gauza bat argi utzi du: “Gastu soziala ez da ukitu behar, ezta krisi garaian ere”. Aurrekontua “errealista” dela adierazi du, “gizarte kutsu handiarekin”. Vitoriaren arabera, “erakutsi dugu herritarren neurrira egin daitekeela aurrekontua, krisi garaian ere, marra gorriak ukitu gabe”.
Aurrekontua eta zuzenketak geroago bozkatuko badituzte ere, jakina da Udalbatzaren argi berdea jasoko duela. Hain zuzen ere, 2013 aurrekontuak 358,9 milioi euro izango ditu; udal gobernuak proposatutako aurrekontu proiektua baino 4 milioi gehiago. PSE-EEren 52 emendakin erantsi dizkiote aurrekontuari, eta horrek lau milioi gehiago aurreikustea ekarri du. PSE-EEren 52 emendakin horietatik 10 PPrekin hitzartuta dira.