Iantzi, Martin, Garmendia, Arcauz, Txapartegi eta Cano. (Argazkia: K. M.)
Euskaraz egiteko Mintzodromoa egin dute San Telmo Museoan; bertan izan dira udal taldeetako ordezkariak, Julian Iantzi eta Harkaitz Cano.
San Telmo Museoan egin dute dakitenen eta ikasten ari direnen artean euskaraz egiteko Mintzodromoa; Bagera elkarteak sustatu du eta Donostiako Udalak lagundu. Hainbat lagun bildu dira haien artean euskaraz mintzatzeko. Bertan izan dira, besteak beste, Euskara ordezkari Nerea Txapartegi, udal taldeetako ordezkariak eta baita aurpegi ezagunen bat edo beste. Horien artean, Julian Iantzi eta Harkaitz Cano izan dira. Hain zuzen ere, hauek, Mintzanet sistema erabili dute euskaraz egiteko.
Mintzanet proiektua abenduaren 3an, euskararen egunean, aurkeztu zuten. Helburua, euskaraz jardun nahi duten guztiek edonon daudela ere, euskaraz nahi adina egiteko aukera izatea da. Horretarako Skype sistema erabiltzen dute, eta gaur jakinarazi dutenez, jada 200 lagunek eman dute izena bertan.
Erraminta baliotsua
Txapartegiren esanetan, sarearen bitartez euskaraz aritzeko aukera izateak, aitzakiak alde batera utzi eta denbora batez behintzat euskaraz aritzeko eukera ematen dio jendeari, etxetik mugitu gabe, gainera.
Iantzi, neska brasildar batekin aritu da hizketan; “jarrera eredugarria iruditu zait, duela lau urte Hondarribian bizi da, eta orduan hasi zen euskara ikasten. Ederki moldatzen zen”, esan du. Gaineratu du ekimena “oso ona” iruditzen zaiola, izan ere, euskararen ezagutza igo den arren erabilera ez dela igo uste du, batik bat, gazteen artean.
Canok ordea, Azpeitiako Pilarrekin aritu dela azaldu du. Oso ideia ona iruditzen zaio Mintzanetarena; “azken batean, hitz egitea da kontua, eta paretarekin aritu baino, hobe pantaila batekin aritzea, ezta?”, esan du.
Mintzodromoko kideak, haien artean hitz egiten. (Argazkia: K. M.)