Ernesto Gasco, gaurko ez ohiko udalbatzarrean. (Argazkia: Nagore Koch)
Aurrekontuak argi berdea ikusi arren,udal taldeen artean ez da adostasunik egon aurtengo zenbakiak baloratzeko orduan. Udalbatzarrean garbi geratu da hori. Ogasun ordezkari Javi Vitoriak esan du «hiriaren eredu bat» islatzen dutela aurrekontuek. «Erakutsi dugu herritarren neurrira egin daitekeela aurrekontua, krisi garaian ere, marra gorriak ukitu gabe». Udal gobernuak gastu soziala ez ukitzeko printzipioa jarraitu duela jakinarazi du, are eta gehiago garai zailetan.
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok bere taldeak emandako babesa arrazoitu du. «Bihotzarekin jokatu dugu, zintzo, eta ez Bilduren kontra egiteko asmoarekin. Ez dugu Bilduren ereduarekin bat egiten, eta horren aurka borrokatzen dugu modu demokratikoan. Bilduk ez ditu gauzak ondo egiten, baina ekarpena egitea nahiago izan dugu», azaldu du Gascok.
PPko bozeramaile Ramon Gomezek udal gobernua gogor kritikatu du. «Ez da inolaz ere guk aurkeztuko genukeen aurrekontua. Azken urteetakoekin alderatuta, ez dago aurrekontu ez parte hartzaileagorik. Aurrekontu txar bat da; ez da ezkerrekoa, ezta eskuinekoa ere. Kaltegarria da Donostiarentzat. Gabezi asko ditu», adierazi du Gomezek.
Eneko Goiak, bere aldetik, gehiago egin zitekeela nabarmendu du. «Zenbait arlotan anbizio gehiagorekin jokatzerik bazegoela uste dugu, eraginkorragoak izateko», adierazi du, eta kanpoan utzi dituzten zenbait egitasmo aipatu ditu; Saguesen surfa gaitzat hartuta proposatutako hotel bat edo gazteak kontratatzeko lan poltsa, teknologia berrien arloko hiriko enpresen mesedetan.