Aurrekontuen inguruan udal gobernuak zein oposizioak erantzukizunez jokatu duela adierazi du Josu Ruizek
Ez ohiko udal batzarra egin zuten atzo aurrekontuak onartzeko; Josu Ruiz udal gobernuko bozeramaileak balorazio positiboa egin du.
Udal gobernuko bozeramaile Josu Ruizek, atzo onartutako aurrekontuen inguruko balorazioa egin du. Positiboki baloratu du atzoko ez ohiko udal batzarra; “oso pozik gaude atzo aurrekontuak onartu zirelako”, esan du.
Azaldu du, aurrekontu hauek politika egiteko “beste modu” bat islatzen dutela, “lehenago egin ez dutena”, hain zuzen. Hala, beste hiri proiektu bat jarri dutela mahai gainean.
Aurrekontu hauek, pertsonak ardatz dituela azaldu du eta esaterako, Martutene eta Txomin Eneako proiektuetan ikus daitekeela hori. Bestalde, aurrekontu hauek parte hartzaileak direla azaldu du, izan ere, bere gain herritarrek egindako 400 proposamen baino gehiago onartu baititu.
Azkenik esan du azken urte eta erdi honetan Bilduren gobernuaz entzun diren “astakeriak” alde batera uzteko garaia dela. Nahikoa argi geratu zela atzo, gobernuak baduela hiri proiektua zein aurrekontu proiektua, esan du Ruizek.


