Egiako Korrika txikiko lehen metroak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Euskal Herria guztia zeharkatu ondoren, lasterketaren azken orduetan iritsiko da 18 Korrika Donostiara, larunbatean, iluntzeko 20:00etarako minutu gutxi falta direnean. Baina hiritarrak dagoeneko irrikaz daude euskararen aldeko ekimenarekin bat egiteko, eta asko dira Korrikaren inguruan hiriko auzoetan antolatu diren ekimenak.
Donostia euskararen alde girotzea da ekimen hauen guztien helburua, eta hala erakutsi dute gaur Egian ere. Eguraldia lagun, hainbat eskola ume, guraso eta irakasle elkartu dira Egiako parkean. Hiruak eta laurden pasatxo zirenean abiatu da auzoko Korrika txiki parkeko ataritik.
Aitor ikastola, Mundaiz eta Maria Reina ikastetxeetako ikasleek hartu dute parte Korrika txikin. Egiako kaleak kolorez bete dituzte, ikasleek aurrez margotutako Korrikako petoez gain, kamiseta zuriz jantzi dira Aitor ikastolakoak, Mundaiz ikastetxekoak gorriz, eta Maria Reinakoak urdinez.
Gaurkoa beroketa soila izango da, hemendik bi egunera, larunbat iluntzean izango baitute berriro ere Korrika lasterketarekin bat egiteko aukera.