Gasco, gaur goizeko prentsaurrekoan (E. Z)
2013ko aurrekontua adosteko, ez ohiko udalbatzarra egin zuten udaletxean, asteartean. PSE-EEk aurkeztutako emendakinetako bat, Bretxako merkataritza gunea erakargarriagoa egitearena zen, eta onartua izan zen. Ernesto Gascok, sozialisten bozeramaileak, prentsaurrekoa eman du gaur goizean, emendakin horren inguruko xehetasun gehiago emateko. “Bretxako merkataritza gunea indartzea nahi dugu, krisiaren eragina oso nabaria baita bertan”, adierazi du Gascok. “Bretxan merkatari txikiek bat egiten dute, eta beraiei bultzada emanez lagun diezaiekegu”. Horretarako, PSE-EEK beharrezkotzat jotzen du udal arautegia aldatzea. Hala, bertako tabernek merkataritza guneko ordutegia izan beharrean, kaleko taberna batekoa izan dezaten. “Gune irekiagoa izatea nahi dugu, erakargarriagoa”. Merkatariek Aldamar kalera irteera izatea nahi du PSE-EEk, barruko dendak gehiago ikus daitezen.