Aldundiko eta Udaleko ordezkariak, atleta euskal herritar batzuekin batera (Argazkia: E. Zabala)
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak babes osoa eskaini diete Beteranoen Europako Atletismo Txapelketatik kanporatu dituzten euskal herritarrei, baita elastiko horrekin lehiatzen ari diren guztiei. “Euskal Herriko kirolariek euren herrialdeko elastikoarekin lehiatzeko eskubide osoa daukate”, adierazi du Martin Garitanok. Egunotan, Donostian jokatzen ari dira txapelketa, 3.300 atleta ingururen partaidetzarekin. Hala, aste honetan bertan, euskal selekzioaren elastikoa oparitu zieten aldundiak eta udalak lehian parte hartzekoak ziren euskal herritarrei, 250 inguru zehazki. Zenbait atletek Euskal Herriko selekzioaren elastikoarekin lehiatu dira, eta arazoak sortu dira. Izan ere, dagoeneko lau atleta txapelketatik kanporatu dituzte. Eguerdian prentsaurrekoa eman dute aldundian bertan; Martin Garitanok ahaldun nagusiak eta Juan Karlos Izagirre alkateak babesa eskaini diete atletei, eta atletek beraiek ere hitza hartu dute. “Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak azken hilabeteetan kudeaketak egin dituzte bertako herritarrek Euskal Herriaren izenean lehiatu ahal izateko. Horren ondorioz, hainbat konpromiso zituzten antolatzaileen aldetik, eta argi geratu zen atletei ez zietela Euskal Herriko elastikoa erabiltzea galaraziko”, azaldu du Garitanok. Beraz, horregatik eskaini zieten atletei elastiko hori erabiltzeko aukera, Garitanoren esanetan. “Atleten erantzuna bikaina izan da; batzuk elastikoa lehiatik kanpo uneoro erabili dute, beste batzuk, derrigorrezko elastikoarekin lehiatu ondoren, euskal Herrikoa hautatu dute podiumera igotzeko, eta azkenak, jakinik ondorioak izango zituela lehiaketan bertan, erabili egin dute”, gehitu du Garitanok. “Beraz, argi dago herritarren nahi bati erantzun zietela aldundiak eta udalak”, aldarrikatu du ozen Garitanok.
Aldundiak eta udalak diruz lagundu dute txapelketa, eta ez dutela atzera egingo esan dute. Hala ere, aurrerantzean halakorik gerta ez dadin neurriak hartuko dituztela esan dute. “Ez ditugu onartuko Euskal Herrian euskal herritarren eskubideak horrela zapaltzen dituzten jarrerak”, adierazi du Garitanok.