Kurdistan zatituta dagoen lau zonaldetako ordezkariekin mahai-ingurua egingo dute ostegunean
Donostiako Udalaren Garapenerako Lankidetza Sailak mahai-ingurua egingo du gaur, osteguna, Kurdistan banatuta dagoen lau zonaldetako ordezkariekin: Abdulsatar Abed (Irak), Zinar Ala (Siria), Rahmi Batur (Turkia) eta Rahim Kaderi (Iran). Kurdistan, un pueblo en la encrucijada (Kurdistan, bidegurutzean dagoen herria) izango da mahai-inguruaren izenburua. Manuel Martorellek egingo du aurkezpena, eta bera arituko da moderatzaile lanetan. Martorell Ekialde Hurbilean espezializatutako historialari eta kazetari nafarra da. Kurdistani buruz hainbat liburu idatzi ditu eta Tigris elkarteko kide ere bada. Horrez gain, hainbat hedabiderentzat egin du lan, eta askotan bidaiatu du eremu horretara. Cuartopoder egunkari digitalaren sortzaileetako bat da.
Mahai-ingurua Donostiako Udal Liburutegiko ekitaldi-aretoan izango da, San Jeronimo kalean, 19:30ean. Ekimenak kurduen errealitatea zuzenean ezagutzeko aukera eskainiko digu, iparraldetik hegoaldera, eta ekialdetik mendebaldera; hari buruzko lekukotzak entzun ahal izango dira, eta zonaldetako bakoitzaren egoeran sakontzeko aukera emango digu, azken albisteak gerturatuaz. Herri kurdua munduko estaturik gabeko naziorik handiena da, eta beste edozein herrik baino hobe erakusten du Ekialde Hurbilaren kultura, erlijio eta politika aniztasuna. Gutxi gorabehera 40 milioi pertsonak osatzen dute.
Mahai-ingurua kurduen festa nazionala den Newroz egunean egingo da, pertsiar egutegiko urteberri egunean hain zuzen. Newroz hau oso berezia izango da gainera; izan ere, alde batetik, iragarrita dago Abdullah Ocalanek su-etenaren aldeko adierazpen zinez historikoa egingo duela. Bestetik, siriar aldean, kurduak gero eta autonomia handiagoa eskuratzen ari dira herrialdea gerran murgilduta dagoen bitartean. Iraken, berriz, inbasioak hamar urte bete ditu, eta egoerak egonkortze aldera egin du hainbat urtetan jazarpena jasan behar izan duen herri honen eremuan. Iranen, ordea, errepresioak bere horretan jarraitzen du.