Lau atleta Beteranoen Europako Atletismo Txapelketatik at, Euskal Herriko elastikoarekin lehiatu nahi izateagatik
Honen berri eman du Berria egunkariak gaur. Antxon Basurko pasaitarra izan da kanporatuetako bat. Bigarren izan zen 65 urtetik gorako 60 metroko kanporaketan, eta finalerako sailkatu zen. Baina Basurko ez zen finalean aritu. Euskal Herriko elastikoarekin lehiatu nahi izan zuen, eta epaileak ez zion utzi. Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) 2007an onartutako araudiak dioena gogoratu zion, hots, atletak euren fitxaren jabe zen herrialdearen elastikoarekin bakarrik ahal direla lehiatu.
Basurkok bereari eutsi zion, Euskal Herriaren, bere herriaren elastikoarekin parte hartu nahi zuela. Baina epaileak ere bereari eutsi zion. Azkenean, parte hartzeko baimena eman zion, baina argi utzita lehiaketatik kanpo zegoela eta ez zuela kontuan hartuko bere lana. Basurkoz gain, beste hiru atleta ere kanporatu zituzten arrazoi beragatik, bat herenegun, eta beste biak atzo.
Donostiar batek, Cesar Perezek, podiumean jantzi zuen Euskal Herriko elastikoa, eta horregatik ez zion inork trabarik jarri. Beteranoen Pista Estaliko Europako Atletismo Txapelketako estreinako jardunaldian izan zen. 55 urtetik gorako 3.000 metroko podiuman lehen postua eskuratu zuen.
Perezek Espainiako selekzioaren elastikoa zeukan jantzita Euskal Herrikoaren azpian, Espainiako selekzioaren elastikoarekin lehiatu baitzen. Elastiko horrekin irabazi zuen urrezko domina. Gero jantzi zuen Euskal Herrikoa, argazkirako. Horregatik inork ez zion trabarik jarri.
Cesar Perez donostiarrak podiumean jantzi zuen Euskal Herriko elastikoa
Zenbait atletak Euskal Herriko selekzioaren elastikoarekin lehiatu izanak zalaparta sortu du Europako Beteranoen Atletismo Txapelketan. Lau atleta txapelketatik kanporatu dituzte.