San Telmo Museoan dago Korrikaren lehen lekukoa
10 egunetan zehar euskararen lekukoa eskuz-esku eta herriz-herri pasa ondoren, bihar arratsaldean Donostiara iritsiko da Korrika. San Telmo Museoan, ordea, egunero dago Korrika. Izan ere, euskararen aldeko ekimenerako egin zen lehen lekukoa bertan dago ikusgai AEKk museoari egin zion dohaintzari esker. Pieza museoaren erakusketa Iraunkorrean dago, museoak 70eko eta 80ko hamarkadetako euskal kulturari eskaintzen dion atalean.
1980an, lehen Korrika egin zenean, Remigio Mendiburu artistari egokitu zitzaion lekukoa diseinatu eta egitea. Ordutik 1988ra arte lekuko hark Euskal Herri osoa zeharkatu zuen, euskara aldarrikatzeko eta zabaltzeko, eta egun museoan dago ikusgai. 1988an lekuko berria egin zuen Juan Gorritik, lehenengo hartan oinarrituta, eta hain zuzen, hori da une honetan mezua Baionaraino daramana.
Ez gara Palestinaz ari ikuskizuna gaur, ostirala, San Telmon
Korrika Kulturalaren baitan, gaur Ez gara Palestinaz ari ikuskizuna hartuko du museoak. Antzerkia, bertsoak, musika eta poesia biltzen ditu, Imanol Kamio, Aitor Atxega, Ander Lizarralde eta Unai Muñoaren eskutik.
Hitzordua gaur izango da, 19:30ean, San Telmo Museoko ekitaldi Aretoan. Sarrera librea da lekuak bete arte, eta gonbidapenak ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago jaso ahal izango dira museoko harreran.



