Dantzariak Katalunia Plazan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Jende andana bildu da Groseko Katalunia plazan arratsaldean. Kalean egoteko moduko eguraldia lagun, Korrikaren inguruan antolatu dituzten ekimenez bete da plaza. 17:00etatik aurrera, musika eta dantza izan dira nagusi. Zurriola ikastolako ikasleek musikala eskaini dute, eta ondoren Zuhaizti eta Manteo ikastetxeetako dantza taldeetako kideek beren alaitasuna eta arintasunarekin berotu dute giroa.
Baina hori ez da hasiera besterik izan, mintzodromoa, haur jolasak, txalaparta emanaldia eta triki poteoa ere egingo baitituzte 18. Korrika auzora iritsi bitartean. Gaueko 22:05ean espero dute euskararen lasterketak Gros zeharkatzea, eta Katalunia plazako giroa ikusita, bistan da auzotarrak euskararen alde egiteko irrikaz daudela.