Hasi dira Ondarretako hondar eta harrien mugimenduen irudiak jasotzen Igeldoko dorrean
Ondarretako hondar eta harrien bilakaera aztertzeko Igeldoko jolas parkeko dorrean jarritako hiru kamerak eta grabaketa prozesua erakutsi dituzte.
Martxoaren hasieran jarri zituzten hiru kamera Igeldoko dorrean, itsasertzaren mugimendua aztertu eta Ondarretako harrien arazoari konponbidea bilatzen laguntzeko. Ekimen hau Donostiako Udala eta AZTI-Tecnaliak sinatu duten lau urterako lankidetza hitzarmen baten parte da. Hala, udaleko Hiri eta Azpiegitura eta Zerbitzuetako ordezkari, Nora Galparsoro eta AZTIko Itsas Ikerketa Saileko zuzendari Adolfo Uriartek azaldu dute proiektua.
Hiru kamerek argia dagoen bitartean jasotzen dituzte irudiak. Kamera batek badiaren plano orokorra jasotzen du, eta beste biek Ondarretako hondartzako irudiak hartze dituzte. Batek, Loretopetik erdialderaino, eta besteak Teniseko hormaraino. Kamerek argazki bat ateratzen dute 20 minuturo eta irudi tartekatuak ere ateratzen dituzte. Hau da, hamar minutuan grabatu eta irudiak gainjarriz, olatuen eta ur-azaleko korronteen jarraipena egiten dute.
Lortutako irudin bidez, itsas-mugimenduen mapa osatzea da helburua. Adolfo Uriarteren arabera, “udaberrian sartu garen arren, itsasoan neguko mugimenduak daude oraindik, baina dagoen hondar kopuruagatik, aurtengo udan iaz baino harri gutxiago izango ditugula uste dut”.
Hainbat saiakera eta azterketa egin dira Ondarretako harriak estaltzeko baina momentuz ez da emaitzarik lortu. Nora Galparsoro zinegotziak adierazi duenez, “gure helburua badia berreskuratzea da, prozesu naturalak kontuan hartuz”.
Gainera, Igeldoko dorretik grabatzen diren irudien informazioari beste erabilera bat ere emango zaio. “Hondartzetako erabiltzaileak zenbatu, nola banatzen diren aztertu eta bainurako gune arriskutsuak atzematen ere lagunduko digute kamerek”, esan du Galparsorok. Suhiltzaile eta Udaltzaingoak hondartzaren egoera kontrolatzeko ere erabili ditzakete irudia hauek, eta laister, edonork eskura izango ditu udalaren webgunearen bitartez ere.