«Neure burua zalantzan jartzeak laguntzen dit neure burua hobeto ezagutzen»
'Euskal Herriko musika popularraren komunikazioa' tesia egin zuen Marina Landak (Gros, 1993) duela bi urte. Euskal musika generoaren, lurraldetasunaren eta hizkuntzaren alorretik aztertu zuen bertan, eta, horrek, bere ibilbide musikalean positiboki eragin du. Egun, Aria taldeko sortzailea eta abeslaria da, eta bigarren diskoa kaleratu berri dute: 'Aurrera begira'.
Marina Landa, Donostiako parke batean.Joseba Parron San Sebastian Tesia musikara itzuli eta serio hartzeko bultzada bat izan zela diozu. Zergatik?
Tesia egiteak asko lagundu zidan letragintzarekin berriz ere konektatzen. Oso abandonatuta neukan zerbait zen, nire lotsek eta beldurrek guztiz hartu ninduten. Hainbeste letra aztertu behar izan nituen, garai, hizkuntza eta estilo desberdinetakoak, sortzaile hain desberdinek idatziak… horrek, alde batetik, nolabait, lagundu zidan neure burua edota nire sorkuntza baliozkotzen. Baita idazteko beste modu batzuk probatzen ere, agian. Asko jolasten mezu esplizitu eta inplizituekin, esanahi bikoitzekin, ezkutuko esanahiekin… Komunikazioa eta kultur kudeaketa ikasia nintzenez, komunikazioa eta musika, kultura, beti oso presente egon dira nire bizitzan, eta musika ere komunikatzeko bide bat da, niretzat. Tesiaren gaian, bi arlo horiek uztartu nituen: komunikazioa eta musika.
Zer da «euskal musika»? Hizkuntza kontua da, soinuarena, emozioarena…
Esanahi asko daude, eta erakundearen, artistaren edo adituaren arabera, modu desberdinean definitzen da. Ni ez nintzen ausartzen modu batera esatera, baina tesiari esker, bai ikusi ditudala ezaugarri batzuk, nire ustez, euskal musika definitzeko balio dutenak: euskara, instrumentuak, artistaren jaioterria edo bizilekua, eta niretzat oso garrantzitsua den zerbait, abestien letretan agertzen diren sinboloak eta erreferentziak. Kantu bat gaztelaniaz idatzi daiteke, baina Euskal Herrian bizi den gai jakin bati buruz hitz egin (Euskal Herriko independentziaz aritu, edo Mikel Laboari erreferentzia bat egin). Orduan, niretzako, oso gogorra da esatea abesti hori edo artista hori ez dela euskal musikaren parte.
Uste dut oso ohituta gaudela gauzak etiketatzera eta etiketa horiek oso zehatzak izatera; eta gauzak, onerako edo txarrerako, askoz ere lausoagoak dira. Ezin dugu dena beti lupa berberaz begiratu, eta, batzuetan, begirada hori pixka bat anplifikatu behar dugu eta ezaugarri desberdin horiek bilatu. Niretzako, ezaugarri horien guztien batasuna da euskal musika. Hori ere nolabait ekiditeko, tesiaren izenburua Euskal Herriko musika popularraren komunikazioa izan zen, eta ez «euskal musikaren». Gero, ezaugarri horien analisi guztia eginda zegoenean, ondorioa izan zen hori, eta ez aldez aurretik nire buruari jarritako oztopo bat.
Instrumentuak aipatu dituzu. Existitzen da «euskal soinua»? Soinuak transmititu dezake zerbait geografikoa?
Alboka bat entzutea… gurea sentitzen dugu. Hemen bi kontu daude: instrumentu baten soinu hutsa, soinuarengatik kokatzen gaituen instrumentu horrena, eta melodia. Instrumentu batena izan gabe ere, melodia batek Euskal Herrira eraman gaitzake.
Generoa, lurraldetasuna eta hizkuntza hartu zenituen ardatz tesian. Non dago euren arteko lotura?
Badira hiru gai oso potente, identitateari asko eragiten diotenak. Identitateen auzia oso garrantzitsua da niretzat, sortzaile gisa eta ikertzaile gisa. Hizkuntzek ez dute gure begirada definitzen, baina marraztu egiten dute. Generoak, zer esanik ez, eta lurraldetasunak… baldin eta non jaiotzen zaren, non bizi zaren, harreman bat edo beste daukazu munduarekin eta zure inguruarekin. Niretzako, beraien artean konektatuta daude. Gaztelaniazko kantuetan aurreiritzi asko daude, baina pop musikarekin dira, gehienetan. Rock edo punk musikarekin, adibidez, ez da gertatzen. Batzuek esango dute euskal rock erradikalaren garaian Euskal Herriko gaiez hitz egiten zela, baina La Oreja de Van Gogh-ek ere Euskal Herriaz hitz egiten du, nahiz eta sinbologia ez den euskal sinbologia. Agian, Espainiako kulturaren erreferentziak agertzen dira euren abestietan, baina Donostia ere agertzen da. ETAri buruz ere hitz egin izan dute, modu inplizituan. Orduan, oso konplikatua da ere, diskurtso hegemonikoarekin bat datorrenean, etiketa batzuk jartzea.
Pop musikarekin daude aurreiritziak, emakumeek egindako musikarekin, baita hizkuntza batean edo bestean kantatutakoekin ere. Baina, aurreiritzi gehiago daude dena batzen dugunean. Emakume batek egin badu, euskaraz eta Euskal Herriari buruz… aurreiritziak daude. Beharrezkoa zen hirurak elkartzea, musika badelako eta izan behar delako tresna sozial bat. Musikak badu pentsamendu bat eraikitzeko gaitasun hori, eta ematen dira mezu oso potenteak, belaunaldiz belaunaldi transmititzen direnak eta gizartea eraikitzen dutenak. Ikertzaile gisa oso interesgarria zen hiru ardatz horiek kontuan izatea eta gizaki gisa, uste dut, konpromiso minimo baten erakusle izan behar zutela.
«Identitateen auzia oso garrantzitsua da niretzat, sortzaile gisa eta ikertzaile gisa»
Tesiaren aztergai izan ziren Gaztea irratiko 1990etik 2019ra bitarteko 300 abesti baino gehiago.
Urte bakoitzeko hamar, gutxi gorabehera. Letrak bilatu, aztertu, formatu desberdinetan jarri… Analisi kualitatiborako programa bat erabili nuen, eta kantu guztiekin kodifikazio prozesu bat abiatu. Ingeniariek esango dute ez dela zientzia zehatz bat, baina beraiek ere burua ireki behar dute eta onartu, gizarte zientzietan ere ikerketa existitzen dela. Beste metodo batzuk dira, baina gaur egun baliozkotze zientifiko bat dutenak. Kantuei buruzko informazioa nuen, lehendik ere; aztertu nituen kantu gehienak nire haurtzaro edo nerabezaroko kantuak ziren, eta hor ere oso lanketa garrantzitsu bat egin behar izan nuen, nik kantu horiekiko nuen harremana kentzeko eta ahalegina egin, kantu horiek beren osotasunean aztertzeko. Generoa, lurraldetasuna eta hizkuntza ardatz, ikusi ahal izan nuen zer desberdintasun dagoen lurralde bakoitzean popularrenak izan diren abestien mezuen artean. Gipuzkoako abestiak gehiago bideratzen ziren harreman erromantiko-afektiboetara, Nafarroan bazegoen joera handiago bat aldarrikapenak egiteko…
Nola aldatu da euskal musika azken urteotan? Zure ustez, gaur egungo sortzaileak euskal musikaren norabidea aldatzen ari dira?
Letretan oinarritu nintzen ni. Baina gaur egun, oso sonoritate desberdina duten taldeak daude. Beste lurralde batzuetan bazegoen musika bat da oraingoa, azken urteotan hona ere iritsi dena. Reggaetona, trap musika… soinu urbanoak, adibidez. Azkenean, euskal musika oso rockeroa izan da, bai artisten baita entzuleen aldetik ere. Nolabait, prestigioa izan duen estiloa izan da, ez soilik Euskal Herrian, nazioartean ere bai.
Artistarik handienak gizon, zuri, zis heteroak izan dira, adituak ere bai…. Agian, hori aldatzen hasten bada, gizartean daukagun begirada ere aldatu daiteke. Grazia handia egiten dit esaten dutenean reggaetona matxista dela; estilo bat ez da matxista, matxista izan daiteke sortzailea, letra, entzulea, gure begirada… Egia da kantu batzuk oso esplizituak direla eta ez direla soilik matxistak, baizik eta indarkeria matxista ere sustatzen dutela. Baina nik uste dut oso aberasgarria dela, batez ere euskaraz, hain estilo anitzeko musika izatea. Horrek hizkuntzari ere bizia ematen dio, batez ere, begirada eta bizipen batzuetatik datorrenean.
Musikaria eta ikerlaria zara. Nola uztartzen dituzu bi rolak? Elkar osatzen dute ala talka egiten dute?
Ni dagoeneko ez naiz ikertzaile kontsideratzen, baina gustatuko litzaidake noizbait horretara itzultzea. Lau urte pasatu nituen ikertzen eta urte horiek balio izan zidaten birkonektatzeko eta sortzeko beste modu bat bilatzeko, letrekin gehiago jolasteko, letren alde esplizitua lantzeko, metaforak, sinboloak… esanahi batzuk nik ez ditudanak inoiz partekatu… hor ere sartzen da jokoan esanahiaren eta interpretazioaren dikotomia. Niretzako, behin kantu bat publikoa egiten denean, dagoeneko ez da soilik sortzailearena, mundu guztiarena baizik. Bakoitzak bere bizipenetara eramango du, bere filosofia edo ideologiara.
Kantu batek hamaika esanahi hartu ditzake, eta, nire ustez, denak dira baliozkoak. Ez dago egia absolutu bakar bat. Horrek asko lagundu zidan pixka bat askatzen nire sortzeko forma; beti perfekzioaren bila erriman, esanahi argiak bilatzen… kantuak forma bat izan behar zuen niretzat eta, hainbeste letra aztertu ondoren, ikusi nuen idazteko modu asko zeudela eta neure buruari askatasun dezente eman nion. Ikertzeak sortzeko modua eraldatzen lagundu zidan.
Esan dezakegu, orduan, tesiak baduela erantzukizun bat Arian.
Bai, guztiz. Eta tesiagatik izango ez balitz, ez dakit non egongo ginatekeen gaur egun. Bartzelonan bizi izan nintzen hiru urtez, eta Donostiatik joan nintzenean, hemendik ateratzeko gogoz joan nintzen. Karrera hemen egin nuen, eta nolabait, nahita deserrotu nintzen hemendik. Itzultzeko gogoa sartu zitzaidan momentu batean, eta tesia hasi nuenean, horrekin jabetu nintzen: nahita bilatutako deserrotze horrek kalte egin zidan. Bai, agian, nire lurraldetasunari zegokionez, baita nire musikari dagokionez ere.
Bartzelonan bizipen batzuk izan nituen musikan, onak, baina nire lotsek eta beldurrek eraman ninduten dena uztera, eta bi urte egon nintzen idatzi gabe. Niretzako, asko da hori. Beti nuen eskura koadernoa eta boligrafoa, ideiak etorri bezain pronto apuntatzeko. Kantuak sare sozialetan partekatzen hasi nintzen, eta hilabete gutxitara kontzertu batzuk atera zitzaizkidan. Iñaki Ortego ezagutu nuen, berarekin jotzen hasi nintzen, eta pixkanaka joan ziren batzen beste taldekide guztiak.
Zertan inspiratzen da Aria?
Nire kasuan, gizartean gertatzen denaz kezkatzen den pertsona bat naiz. Ikusten dudanak inspiratzen nau, kantu gehienak nire bizipen pertsonaletatik idazten ditut, baina uztartzen ditut arazo sozial edo kolektiboekin.
«Jabetu nintzen nire erreferentzia musikalik handienak gizonak zirela, eta nire buruarekin haserretu nintzen»
Musika sortzeak nor zaren hobeto ulertzen laguntzen dizu ala gehiago zalantzan jartzen?
Batak ez du bestea kentzen. Beti gaude emaitzan pentsatzen, eta prozesua eta zalantza bada baita ere, zeure burua ezagutzea. Neure burua zalantzan jartzeak laguntzen dit neure burua hobeto ezagutzen. Musika nire identitatearen parte da, sortzea eta abestea, eta sortu ez dudan garai horietan, hutsune bat sentitu dut.
Bigarren diskoa atera duzue aste honetan. Zeri kantatzen diozue oraingoan?
Aurrera begira du izena diskoak, eta sei kantuk osatzen dute. Oso desberdinak dira euren artean, baina denek daukate amankomunean aurrera begiratzeko nahi hori. Disko honen bidez landu nahi izan dugu parean daukagun horri, etorkizunari, begirada irmo eta seguru bat botatzeko aldarrikapena. Lotsatik eta beldurretik sortzen da, kantu bakoitzak mezu desberdin bat bidaltzen du, baina hari berak josten ditu.
Ekoizpena, sonoritatea… dena da desberdina lehenengoarekin konparatuta, garbiagoa, energia gehiagorekin. Pop alternatibo batetik, poperoagoa den zerbaitera igaro gara.
Bigarren diskoko zer kantu azpimarratuko zenuke?
Bi dauzkat kuttunenak. Dantzaren iraultza bereziki garrantzitsua da niretzat; balleta egiten nuen txikitan, eta irakasle batek une oro esaten zidan tripa eta ipurdia sartzeko. Sentitu nuen, azkenean, hori ez zela niretzako leku bat eta ez nuela dantzatzeko eskubiderik. Ume batek pentsatzea dantzatzea ez dela berarentzako aproposa, oso tristea da. Gerora konturatu nintzen, ez zela soilik 10 urteko Marinari gertatzen zitzaion zerbait, baizik eta emakume askori. Besteen begiradak baldintzatzen gaitu, eta lotsa sentitzen dugu. Aldarrikapena da, nolabait, leku guztietan aske dantza gaitezela.
Hotza da beste kantua, 16 urterekin idatzi nuen hau. Hor nerabe baten kontraesanak eta korapiloak agertzen dira; orain ez dakit zertan pentsatzen idatzi nuen, baina argi ikusten dut nerabezaroko frustrazio bat. Nire lagunek ezagutzen duten kantu bat da, inoiz grabatu eta publikatu gabea.
«Musikari buruz ikertzeak musika sortzeko modua eraldatzen lagundu zidan»
Nork entzun beharko luke ‘Aurrera begira’?
Beldurtuta dauden pertsonek. Askatzera eramaten gaitu diskoak, bakoitzak bere korapiloak askatzera.
Zertan inspiratu zarete?
Lanketa sakon bat egin genuen gustatzen zitzaizkigun soinuen bilaketan, eta asko dauka pop italiarretik eta Britpopetik. Letren aldetik, askotariko musika entzun dut nire bizitzan zehar, eta horregatik dira desberdinak. Hala ere, ez dago inspirazio zehatz bat. Jabetu nintzen nire erreferentzia gehienak gizonezkoak zirela, eta hor nire buruarekin haserretu nintzen; gero ulertu nuen ez zela nire arazoa, baizik eta leku guztietan gizonei egiten bazaie lekurik handiena, hori dela entzungo duguna. Erabaki kontziente bat hartu nuen gero, emakumeek egindako musika gehiago entzutekoa. Russian Redi esker erabaki nuen gitarra jo nahi nuela… horrek balio dezake inspirazio gisa?
Zer da Aria zuretzat?
Nire txikitako ametsa betetzea. Abeslaria izan nahi nuen, eta barneratuta neukan hori ez zela inoiz emango. Eta orain, oholtza gainean nagoen bakoitzean, nire ametsa betetzen ari naiz. Gure proiektua txikia da, baina iristen garen lekura gogoz iristen gara. Oholtza gaineko sentsazio hori adrenalina da, izugarri gozatzen dudan zerbait, nire barnetik jaiotako zerbait partekatzeko espazio bat. Opari bat da, 16 urteko Marinarentzat askatasun espazio bat. Marina horri esango nioke: «Ei, dantzatu eta ahaztu besteek esaten dutena; merezi du eta merezi duzu».

