Okendo kultur etxeko hitzaldien aretoa bete du mahainguruak. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Abiadura Handiko Trenaren aurkako Donostiako taldeak antolatuta, Donostialdeko Metroaren proiektuari buruz mahaingurua egin dute Okendo kultur etxean. Hizlarien artean Ander Gortazar arkitektoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendari Unai Erroitzenea, Eusko Treneko langile Oskar Bordes, Altza XXI auzo elkarteko kide Iosu Urrexola eta AHTren aurkako taldeko ordezkari Mikel Alvarez izan dira. Azken honek mahaingurua “iritzi kritiko” bat sortzeko egin dutela azaldu du, proiektua berriro planteatzen ari direla aprobetxatuz, “une egokia delako mugitzen hasteko; ez gaitzatela jokoz kanpo hartu, orain arte egin duten bezala”. Hori argituta, mahaian zirenei eman die hitza, eta hauek bat etorri dira Donostialdeko Metroaren proiektua beharrezkoa ez dela esateko orduan.
Hain zuzen ere, mugikortasuna hobetzeko, Metroa eraikitzea baino, irtenbidea egun dauden baliabideak egokitzea litzatekeela nabarmendu dute. “Eusko Tren sarea, autobus zerbitzuarekin koordinatuta, nahikoa litzateke, beti ere tarifa eta ordutegi logikoekin. Garraio publikoen sare bat osatzea litzateke egokiena, eta ez hiru”, adierazi du Ander Gortazar arkitektoak. Metroaren proiektua oker ateraz gero, ez legokela atzera bueltarik azpimarratu du; autobus sarearekin, ordea, hori ez litzatekeela gertatuko esan du. “Gainera, azkar egokitu daiteke, eta askoz merkeago”, erantsi du.
Gortazarrek garraio-sisitema alternatibo bati buruzko txosten bat idatzi du, eta egindako lanaren irakurketa egin du Okendon. Baliabideen koordinazio eta optimizazioaz gain, beste elementu bat jo du ezinbestekotzat: administrazioen arteko elkarlana, “eta ez lehia”.
Unai Erroitzeneak antzeko iritzia plazaratu du; aldundiaren izenean, kasu honetan. “Uste dugu gaur egun ditugun garraio sistemak kontutan hartu behar direla, osagarriak bihurtu”, esan du. Metroaren egitasmoa baztertzeko beste arrazoi batzuk badaudela argudiatu du. “Egitasmoak, bere osotasunean, ez dio gipuzkoarren beharrei erantzuten. Eskualde batean oinarritzen da eta, gainera, garraio publiko aldetik hoberen dagoen zonaldea hartzen du aintzat; Donostia, alegia”, esplikatu du. Arrazoi teknikoak eta ekonomikoak ere aipatu ditu. Zalantzan jarri ditu Metroa bultzatzen dutenek zehaztutako kopuruak; urtean 34 milioi bidaiari izango lituzkeela, Topoak 7 milioi dituenean. Era berean, ekonomikoki ez dela bideragarria berretsi du. “Hurrengo hamar urteetan, bakarrik Metroarentzat urtero 40-60 milioi arteko ekarpena egitea eskatu zigun Jaurlaritzak. Gaur egun, adibidez, 30 milioi azpitik dago aldundiak garraio publikoari eskaintzen dion kopurua”, adierazi du Erroitzeneak.
Eusko Treneko langile Oscar Bordesek, bere aldetik, gogora ekarri du Eusko Tren ez dela trena bakarrik, autobusa, tranbia eta funikularra ere badela. “Egin behar dena da sare hori guztia indartu eta horretan inbertitu”, azpimarratu du. Langileen beldurrak ere eman ditu ezagutzera, hots, proiektuaren bitartez Eusko Tren zatitzea, Bilbon gertatu bezala, langileei horrek eragingo liokeen kaltearekin.