Aitor Olaizola, erdian, zigortutako beste bi gazterekin (Adur Fernandez eta Nahikari Otaegi). (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Espainiako Auzitegi Gorenak Donostiako hamabost gazte auzipetuetatik zortzi zigortu ditu. Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdiri ezarritako zigorra berretsi du. Beste zazpiak, aldiz, absolbitu egin ditu: Ekaitz Ibero, Igor Alvarez, Urko Pikaza, Asier Mariezkurrena, Unai Perez, Pello Lamarca eta Beñat Apalategi.
Sei urteko espetxe zigorra jaso duen gazteetako batek, Aitor Olaizolak, epaiaren lehen balorazioa egin du
Info7 irratian. “Loteria makabro bat izan da. Ez du zentzurik erdia zigortzeak eta erdia absolbitzeak. Gure artean egoera gazi-gozoa sortu da. Gu baino aurpegi txarragoarekin geratu dira absolbitu dituztenak”, esan du donostiarrak.
Espainiak euskal gazteria eta Euskal Herria erasotzen jarraitzen duela salatu du, eta jazarpen hori gelditzea gizartearen esku dagoela berretsi du, “herri harresi” bat eraikitzeko garaia dela nabarmenduz. Gaur, 19:00etan, egingo duten manifestaziora deitu ditu herritarrak. Bulebarretik abiatuko da protesta. Leku berean agerraldia egingo dute bihar, 12:00etan, Eleak mugimenduak deituta.