Bulebarretik abiatu da manifestazioa. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Auzitegi Nazionalak Donostiako hamabost gazte auzipetuetako zortziri ezarritako zigorra. Seina urteko espetxe zigorra ezarri diete Imanol Vicente, Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Nahikari Otaegi, Oier Lorente, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez eta Aitor Olaizolari. Gainontzeko zazpi gazteak absolbitu egin dituzte.
Auzitegi Gorenaren epaiak erreakzio ugari sortu ditu egunean zehar. Hainbat eragilek salatu dute erabakia, eta arratsaldean, herritarrekin batera, kalera irten dira gazte donostiarrei babesa emateko. Hain zuzen ere, Bulebarretik abiatuta, manifestazioa egin dute 19:00etan. Jende andana bildu da,
gazteria libre eta legala. Sententzia politikorik ez lelodun pankartaren atzean. Zigortutako gazteek eurek eraman dute pankarta, eta hainbat aurpegi ezagunek bat egin dute protestarekin; Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok, Sortuko Donostiako koordinatzaile nagusi Joseba Alvarezek eta Donostiako udal gobernuko ordezkari Jabi Vitoriak eta Nerea Txapartegik, besteak beste.
Euskal gazteriaren aldeko oihuak nagusi izan dira, eta bildutako jendeak bere haserrea adierazi du. Bengalak piztu eta petardoak bota dituzte, ezinegona adierazteko.
Euskal gazteria aurrera,
Jo ta ke irabazi arte eta
Ez gaituzue geldituko oihu artean egin dute manifestariek aurrera, bertaratutakoen besarkadek eta elkartasun keinuek lagunduta.
-
-
Manifestazioaren burua, Hernani kalean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
-
-
Pankartak zintzilikatu dituzte hirian, protesta moduan. (Argazkia: Aritz Sorzabal)