Hirian bertan izandako urraketak gogoratu ditu alkateak Giza Eskubideen XI. Zinemaldiaren aurkezpenean
Egitarau osoa zinemaldiaren webgunean bertan kontsulta daiteke, eta bihartik aurrera jarriko dituzte salgai sarrerak. Film bakoitzerako sarrerak 4’10 euro balioko du, eta Viktoria Eugeniako film guztietarako sarrerak, berriz, 21’60 euro.
Zinemaldiaren harira beste hainbat ekimen paralelo antolatu dituzte, hiru erakusketa, adituekin solasaldiak, ikastetxeentzako goizeko zinema saioak… ekimen horien artean, Txapartegik bi azpimarratu ditu, Donostiarrok harriz harri eta Haur eta Gazteen Margolanen Lehiaketa. Donostiarrok harriz harri jolas kooperatiboa da, 1813-2013 Bigarren Mendeurreneko jardueren harira sortu dute. Okendo plazan egingo dute jolasa, apirilaren 20an eta 21ean, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Haur eta Gazteen Margolanen Lehiaketa, berriz, erakusketa batean bildu dute. Viktoria Eugenia Antzokian egongo da ikusgai, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Hori guztia kontuan izanda, Txapartegik nabarmendu du eskaintza zabala osatzeko, herritarren partaidetza beharrezkoa izango dela.
Giza Eskubideen XI. Zinemaldiaren aurkezpena egin dute Juan Karlos Izagirre alkateak, Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariak eta Josemi Beltran zinemaldiko zuzendariak, gaur eguerdian. Udalak, Donostia Kulturak eta Bakearen eta Giza Eskubideen Etxeak antolatzen dute zinemaldia urtero, eta aurten, apirilaren 19tik 26ra egingo dute. Giza eskubideen urraketen inguruan gogoeta, sentiberatasuna eta eztabaida sustatzea du helburu zinemaldiak. Hala, Donostiako Udalak giza eskubideekin sentiberatasun berezia duela gogorarazi du alkateak, eta nazioartean gertatzen diren urraketez gain, Euskal Herrian eta hirian bertan ere halakoak gertatzen direla esan du. “Aurten, 1813ko hiriaren erreketaren bigarren mendeurrenean gaude, baina gaur egun ere gertatzen dira giza eskubideen urraketak; langabezia, emakume askoren zapalketa, etxe kaleratzeak edo herri bezala jasotzen ditugun injustiziak. Gaur goizean bertan, zortzi gazte donostiarrek espetxeratze zigorra jaso dutela jakin dugu, politika egiteagatik”, adierazi du Izagirrek.
Zinemaldiko sail ofizialean 16 film luze izango dira, horietako bat lehiaketatik kanpo. Viktoria Eugenia Antzokian eskainiko dituzte filmak, eta bi estreinaldiak izango dira, El metodo Arrieta (Jorge Gil Munarriz, 2013) eta Alardearen Seme-alabak (Jone Karres eta Eneko Olasagasti, 2013), biak euskal ekoizpenak. Bestetik, 16 film labur ere lehian arituko dira Gazteen Saria lortzeko; eta 18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute epaimahaia.