Izagirre eta Vizarraga aginte makila trukatzen. (Argazkia: Donostiako Udala)
Ijito herriaren bandera jarri dute eta hainbat elkarteri harrera egin diete.
Donostiako Udalak Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna gogoratu du udalbatza aretoan hainbat elkarteko ordezkariei harrera eginez. Hain zuzen ere, udal talde guztiek egin die harrera eta Juan Karlos Izagirrek aginte makila trukatu du Manuel Vizarraga Ijito Herriaren Sustapena eta Partaidetzarako Euskal Kontseiluko presidenteordearekin.
Udaletxean gainera, Ijito herriaren bandera jarri dute eguna gogoratzeko. Egun honetan munduko toki askotako ijitoak biltzen diren eguna da, hain zuzen ere, ijitoen lehenengo batzarra gogoratzen dute, eta baita herriaren exodoa ere, haien herriaren eta arbasoen “harat-honat” ibiltzea.
Izagirrek herri honen nortasuna azpimarratu du; “batetik bestera ibili den herria da ijito herria, behinolatik herriz herri ibili dena, herrialdez herrialde, mugak zeharkatuz eta estatu propiorik gabe. Horrek guztiak definitzen du herri honen izaera eta nortasuna. Eta, nola ez, gure hirian finkatu diren ijitoak beste edozein pertsonaren eskubideak eta betebeharrak ditu. Elkar onartu, errespetatu eta elkarrekin bizitzeko pausuak ematen jarraitu behar dugu”, esan du.
Azkenik, Kamelamos Adiquerar elkarteko bi ordezkarik ere komunikatu bat irakurri dute.