Oteizaren omenezko jardunaldiak hasiko dira gaur Dokan
Artistaren heriotzaren hamargarren urtemuga dela eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Hamar urte bete dira Jorge Oteiza hil zela, baina bizia da oraindik haren eragina. Donostian haren omenezko jardunaldi batzuk antolatu dituzte Dokan. Aldatzen Laguntzen antzerki taldeko Ion Martinez izan da jardunaldi hauen sustatzailea. Haren jarraitzaile sutsua da Martinez, eta haren lana gogora ekartzeko egitarau berezi bat prestatu du: “Oteizak sustatu zituen ideia horien inguruan gogoeta egin nahi dugu; eta ideia horiek guztiak nolakoak ziren ezagutarazi”, azaldu du Martinezek. “Haren ideiak oso baliagarriak izan daitezkeela uste dugu gaur egun bizi dugun egoera sozioekonomikoan, aldaketa sakon baten premia dugula behin eta berriz errepikatzen dugun honetan, alegia”, azaldu du Martinezek.
Bertsoa, zinema, antzerkia…
Gaur arratsaldean hasiko da egitaraua. Kukai dantza taldeak eta Tanttakak egindako Otehitzari biraka ikuskizunaren DVD emanaldia egingo dute 19:30ean. Bihar, Jon Intxaustegiren Fragmentos dokumentala emango dute 19:30ean. Oteizaren ibilbide artistikoari eta pentsaerari buruzkoa lana da. Asteazkenean Casa Vacia film laburra izango dute hizpide (19:30). Oteizak eta Nestor Basterretxeak Irunen izan zuten lantegiaren inguruko lana da. Zuzendariak, Jesus Mari Palaciosek, film laburra nola egin zuen azalduko du. Emilio Varela Froan arkitektoak ere parte hartuko du ekitaldi honetan. Haren inguruko hitzaldi bat emango du.Bertsolariek ere parte hartuko dute Oteizaren omenezko jardunaldi hauetan. Osteguneko saioan (19:30) izango dira Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña. Gai jartzaile lanetan Ion Martinez aktorea eta Unai Elizasu ariko dira. Bertso saio berezia izango da, Martinez Oteizaren larruan sartuko baita. Dokan. Bertso saio honetarako sarrerak bost eurotan eskuratu ahal izango dira. Saioa hasi baino ordu erdi lehenago jarriko dituzte salgai.

