Zigortutako gazteak, Bulebarreko kioskoan. (Argazkia: Nagore Koch)
Zigortutako gazte donostiarren aldeko manifestazio jendetsua Bulebarrean amaitu da, hasi den leku berean. Hiru ordu laurden iraun du protestak, eta amaiera ekitaldian zigortutako gazteek eta Eleak mugimenduko kideek hartu dute hitza. “Eskubide zibil eta politikoak praktikan jartzeagatik” zigortu dituztela nabarmendu du Eleak mugimenduko ordezkariak. Honek gogora ekarri du bederatzi direla espetxeratzeko arriskuan diren gazteak, eta ez zortzi. Izan ere, Ekaitz Ibero auzi honetatik absolbitu badute ere, beste kasu batzuetan auzipetua jarraitzen du donostiarrak.
Oier Lorente zigortutako gazteak ere hitz egin du Bulebarreko kioskoko amaiera ekitaldian. Nabarmendu du eurena ez dela auzi isolatu bat. Jasotako elkartasuna dela eta, “bihotzez” eskerrak eman dituzte gazteek, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute. Bihar agerraldia egingo dute Bulebarrean bertan, 12:00etan, Eleak mugimenduak deituta.