"Ez gaude kaskoaren erabileraren aurka, derrigortzearen aurka baizik"
http://youtu.be/rPYAqJM1TAY
Berrehun bat pertsonak parte hartu dute Kalapiek deitutako bizikleta martxan.
Gaur eguerdian berrehun bat lagun bildu dira kaskoaren erabilera derrigortzeko araudiaren aurka protesta egiteko. Kalapiek deituta, bizikleta martxa bat egin dute Bulebarretik abiatuta. Kaskoaren erabilera derrigortu nahi du Espainiako Gobernuak, eta neurri horren aurka egin dute. Bulebarrean hasi dute martxa, eta errepidetik joan dira Kontxan barrena. Benta Berrira joan dira, Trafiko bulegora, eta bertan gutun bat utzi dute, neurriaren kontra daudela adierazteko.
Kalapieko Higinio Otazuren ustez, “izugarrikeria” da indarrean jarri nahi duten neurria: “Europan ez dago kaskoa erabiltzea derrigortzen duen herrialderik. Neurri hau onartzea kontrako norabidean joatea da. Alderdi politikoak ere kontra daude, txirrindularien elkarteak, udaletxeak…”. Donostiako Udalak berak neurri honen aurkako adierazpena plazaratu duela nabarmendu du Otazuk: “Baita PPk ere bai; udalak aho batez onartu zuen neurri honen aurka egitea. Gasteizen ere aurka egin dute, eta alkatea PPkoa da”.
“Ez gaude kaskoaren erabileraren aurka, derrigortzearen aurka baizik”, azpimarratu du Otazuk. Kaskoaren erabilera derrigortzeak bizikleta erabiltzen duten pertsonen kopurua murriztuko lukeela uste du Kalapiek, eta horrek, txirrindulariak kaltetuko lituzkeela. Nazioartean egindako ikerketek erakusten dutenez, txirrindularien presentzia handiagoak auto gidariak tentu handiagoz ibiltzera behartzen ditu, eta, ondorioz, istripu gutxiago izaten dituzte txirrindulariek. Hori bera helarazi du Trafiko ordezkaritzan utzitako gutunean.
Bizikleta martxan parte hartu dute Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak eta baita Richard Oribe igerilariak ere.