Jendetza bildu da zigortutako gazteei babesa emateko
http://youtu.be/n62_Ynv3gsA
Antolatzaileen arabera, 6.000 lagun inguru izan dira manifestazioan. Kolore laranjaz jantzi dituzte kaleak, “herri harresia” irudikatzeko
Milaka pertsona izan dira Eleak mugimenduak deitutako manifestazioan: Donostiako gazte auzipetuei babesa emateko jendetza bildu da Bulebarretik abiatu den protesta. Arratsaldean, 17:15 aldera hasi da eskubide zibil eta politikoen aldeko martxa, Ibero askatu! eta Euskal gazteria aurrera! oihuekin.
Aske Gunea libre eta legala leloarekin abiatu da manifestazioaren burua. Pankarta senideek eutsi dute. Haien atzetik auzipetuak babesteko laranjaz jantzitako talde bat joan da, besoak elkarri lotuta. Kamiseta laranjak ez ezik, puxika laranjak ere eraman dituzte. Kolore laranjaren bidez “herri harresia” irudikatu nahi izan dute.
Manifestazioaren burua Artzai Onean zegoenean, jendea oraindik Bulebarrean zegoen atera gabe. Antolatzaileen arabera 6.000 lagun inguru izan dira protestan. Ekitaldia bukatu denean, guztiak lurrean eseri dira Aske Gunean eta gazte auzipetuak inguratu dituzte: “Etor daitezela beren borra, ezkutu eta arma guztiekin. Ez gara eramaten utziko. Zuekin, zuei esker”, esan dute gazteek.