Sudurzaleek Egiako parkea hartu dute
http://youtu.be/B6pchyHV9mo
Eguzkiak gogor jo du eta tenperatura beroei aurre egin behar izan diete Sudur Kroseko korrikalariek.
Lidia Galdos eta Berdaitz Guruzeaga egiatarrak izan dira azkarrenak.
Giro bikainaz gozatu dute sudurzaleek gaur Egiako parkean. IV. Sudur Krosa egin dute gaur arratsaldean. Eguzkiak gogor jo du, eta tenperatura beroei aurre egin behar izan diete korrikalariek, baina ez dute etsi. Egiako parkean barrena egin dute korrika. Haurrak izan dira lehenak. Txikienak 16:00etan irten dira. Antolatzaileen arabera, 170 haur inguruk parte hartu dute Sudur Krosa Txikian.
Helduak ordubete geroago irten dira. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, 230 lagunek parte hartu dute Sudur Krosaren laugarren ekitaldi honetan. Gizonezkoetan Ibai Alba hernaniarra izan da lehena; eta emakumeetan, Claudia Behobide.
Lasterketa bukatu ondoren Plaza Haundin bildu dira sudurzaleak. Sagardoarekin busti dituzte eztarriak, eta sabela betetzeko pintxo batzuk ere jan dituzte. Festa giroa izan da jaun eta jabe. Zozketa ere egin dute parte-hartzaileen artean: afariak auzoko taberna eta jatetxeetan; kirola egiteko arropa, Irutxuloko Hitzako jertseak…
Irabazleak podiumera igotzeko unea iritsi da ondoren, eta jakina, sudurzale peto-petoak bezala, sudurra jantzi dute.
Sudurzaleen kexa
Sudur Krosaren antolatzaileek poza adierazi dute, baina lasterketa egiteko beharrezkoa den baimenaren inguruan kexatu egin dira. Jon Jaka egiatarra da antolatzaileetako bat, eta Irutxuloko Hitzari adierazi dio udalak azken unean eman diola Sudur Krosa egiteko baimena, 1.500 euroko bermea ordaindu behar izan zutela lasterketa egin ahal izateko: “2012ko azaroan eskatu genuen baimena, eta herenegun arte ez ziguten baimena eman. Ostegunean, 15:30ean eman ziguten baimena”. Lasterketan bertan ere haserrea adierazi dute: “1.500 euroko bermea ordaindu behar izan dugu, delinkuenteak bagina bezala”. Lasterketa, noski, ezin zuten egin 1.500 euroko bermea ordaindu gabe, eta udalak hura ordaintzeko oso denbora gutxi eman diela azaldu du Jakak. “Lehen urtean ez ziguten inolako trabarik jarri. Bigarrenean bermea eskatu ziguten. Orduan, ordea, bi hilabeteko epea eman ziguten hura ordaintzeko. Hirugarrenean ere bai. Aurten, ordea, bi eguneko epea bakarrik”.