Aurtengo Jazzaldiaren kartela Iruñetik iritsi da
Iruñetik etorri da aurtengo Jazzaldiaren kartela. Bermer&Co estudioko Ricardo Bermejok irabazi du Jazzaldiko kartel lehiaketa. Bermejok dioenez kartelarekin “musikak amets eginarazteko, beste norabait, mundu errealetik onirikora, lekualdatzeko duen ahalmena” islatu nahi izan du. Piano tekla batzuk dira kartelaren osagai nagusia. Hegan hasten diren piano teklak, hain zuzen. Bermejok eskuz egin du kartela. Luma-kartoizko zatitxoak kartoi beltzaren gainean jarri zituen eta sakelako telefonoarekin argazkia atera zion ikuspegi berezi bat lortuz, eta mugimendua iradokiz. Ondoren, Photoshopaz landu zuen kartela. Bermer&Co marka sorkuntzan berezitutako enpresa da eta komunikazioko, diseinu grafikoko eta kazetaritzako profesionalez osatutako lan taldea du. Egun bertako sormen zuzendaria den Ricardo Bermejok sortu zuen. Bere ibilibidean enpresa ugarirentzako argitalpenak eta komunikazio eta nortasun korporatiboko egitasmoak diseinatu ditu. Egunkari ugarirentzako egin ditu diseinu eta aholkularitza lanak: El Pais, Marca, El Economista, Diario 16, Diario de Noticias, Deia, La Gaceta de los Negocios, El Norte de Castilla, Publico (Portugal), Expreso de Guayaquil (Ekuador), Dominikar Errepublikako Listín Diario, Ultima Hora eta Diario Libre, Brasilgo Zero Hora eta Grupo Abril, Txileko Las Ultimas Noticias eta La Segunda, El Mundo (Paraguay), El Observador Economico (Uruguay), La Capital (Argentina). Bermejok sari ugari bereganatu ditu. Espainiako Kultura Ministerioaren Liburu Onenaren saria jaso du lau aldiz eta nazioarteko 30etik gora sari jaso ditu Society of Newspaper Design (SND) eta Malofiej-en eskuntik. Halaber, irudi korporatiboko lehiaketa andana irabazi du. Epaimahai askotan artu du parte, Espainiako Diseinu Sarietako epaimahaia tartean. Guztira 871 kartel aurkeztu ziren lehiaketara, eta, publikoak emandako botoei esker, horietako 10 finalera pasatu ziren. 65.000 boto jaso ziren. Beste 10 kartel Heineken Españak eta Heineken Jazzaldiak aukeratu zituzten. Hala, epaimahaiak kartel irabazlea 20 kartelen artean hautatu zuen. Boto-emaile guztien artean Trinitate Plazarako bi abonu eta jaialdiko egunetarako ostatua zozketatu ziren. Montse Alay da sariduna.