Larunbatean egindako manifestazioaren burua. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Zigortutako zortzi gazte donostiarrek espetxeratzeko agindua jaso dute gaur, euren abokatuek jakinarazitakoaren arabera. Hortaz, edozein unetan atxilotu dezaketeela ohartarazi dute. Datu gehiago eskainiko ditugu goizean zehar, baina, momentuz, Bulebarrean biltzeko deia egin dute, zigortutako gazteei babesa emateko.
Joan den asteaz geroztik, Aske Gunea izenekoa egokitu dute gazteek Bulebarrean, eta hantxe elkartu dira egunero Espainiako Auzitegi Gorenak euren aurkako epaia eman zuenetik.
Hain zuzen ere, seina urteko espetxe zigorra ezarri diete Imanol Vicente, Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Nahikari Otaegi, Oier Lorente, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez eta Aitor Olaizolari. Igor Alvarez, Urko Pikaza, Asier Mariezkurrena, Unai Perez, Pello Lamarca eta Beñat Apalategi, aldiz, absolbitu egin dituzte.
Ekaitz Ibero ere absolbitu egin badute ere, zigortuen zerrendaren bederatzigarren izena litzateke, kale erasoak egotzita, beste auzi batengatik atxilotu baitzuten duela astebete. Martuteneko espetxean dago kartzelaratuta. Espetxeratze arriskuan diren gazteek euren auzia salatzeko karpa bat jarri dute egunotan Bulebarrean, Aske Gune izenarekin, eta Ibero bertan atzeman zuen Ertzaintzak. Une gogorrak izan ziren, ertzainak bortizkeria handiz aritu baitziren; kolpeen eraginez hiru gazte zauritu zituzten.