Espetxeratu aurretik azken hitzak esan dituzte zigortutako gazteek
Egunero bezala, elkarretaratze jendetsua egin dute Bulebarrean; egitarauarekin jarraituko dute.
Elkarretaratzea egin dute Aske Gunean, atxilotzeko arriskuan dauden gazteak babesteko. Jende andana inguratu da. Gazte zigortuek “atxilotu aurretik azken hitzak” eskaini nahi izan dizkiote inguratutako jendeari; “eskerrikasko denoi, zuek zarete eredua eta gu herria, gora euskal gazteria!”, esan dute.
Oihuen artean: “Ez diegu utziko gu eramaten”, “herri harresia eraiki dezagun” eta “euskal gazteria aurrera” bezalako aldarrikapenak egin dituzte.
Egitarauarekin aurrera jarraituko dute
Jakinarazi dute, goizean berria jakin ondoren, eten egin dutela Aske Guneko egitaraua, baina berriro aurrera egingo duela programazioak. Hala, hainbat hitzaldi, emanaldi eta solasaldi izango dira egunean zehar.
Gogorarazi dute Aske Gune iraunkorra izango dela hemendik aurrera. Eragileekin bilerak egiten ari dira baita ere. Arratsaldean,19:00etan, elkarretaratzea egingo dute ohi bezala.