Ordezkariak, planaren aurkezpenean. (Argazkia: K. M.)
Ekonomia Suspertzeko Plana 2013 aurkeztu dute; 6,5 milioi euroko inbertsioa egingo dute dute enpleguaren sortzeko.
Donostiako Sustapenak gaur aurkeztu du 2013ko Ekonomia Sustatzeko Plana. Azaldu dutenez, 1.085 lanpostu berri sortzea dute helburu nagusia. Horretarako, Juan Karlos Izagirre alkateak erdigunean jarri du Donostiak krisi garaia bizi duen egoera; “krisiak Donostian ere bere eragina izan du, eta guk gure pausoak eman behar ditugu, bizi dugun %13ko langabeziari aurre egiteko”, esan du.
Inbertsioari dagokionez, 6.550.321 eurokoa egingo dutela azaldu dute. Horietatik Eusko Jaurlaritzak 1.358.311 euro jarri ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak 69.000 euro eta Europako Gizarte Funtsak 1.135.667 euro. Gainontzekoa (3.987.343 euro) Donostiako Sustapenak jarri du.
Aurkezpenean izan dira Izagirrez gain, Garapen Ekonomikoko zinegotzi ordezkari Josu Ruiz, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburu Juan Maria Aburto, Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuorde Ricardo Barkala eta Donostiako Sustapeneko zuzendari Euken Sese. Hala nola, bertan izan dira baita ere, planean parte hartu duten 25 agente ekonomiko baino gehiago.
Bestalde azaldu dute plana diseinatzeko orduan, zailtasunak dauzkaten kolektiboekiko konpromiso soziala ez dutela ahaztu nahi izan. Horregatik, hainbat neurri hartu dituzte, hala nola: sozialki baztertuta egon daitezkeen pertsonentzako orientazio profesionala, laugarren sektorean enpresak sortzeko hobari bereziak, 45 urtetik gorako pertsonentzako formazio espezializatua edota Loiola eta Martutenen hurbiltasuneko merkataritzarentzako zerbitzuei laguntza ematea.
Enpresa berriek eta langabetuek lehetasuna
Azaldu dutenez, funtsezko ardatz gisa, enpresak sortzeko laguntza programa bat jarriko dute abian. Bertan, programak kolektibo, gune eta sektore nagusietan ekintzailetza bultzatuko duten hobariak izatea da helburu.
Bestalde, langabetuei dagokionez, besteak beste, Donostiako Sustapenak hitzarmenak eta lankidetza akordioak ezarriko ditu enpresa egiturarekin eta sektoreetako elkarteekin, aukera horiek identifikatu ahal izateko.
Donostiako enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzendutako neurrien artean, zerbitzuak kontratatzeko laguntza ekonomikoen programa bat abiatuko dute, baita enpresa proiektuak identifikatzeko eta babesteko programa bat ere, hainbat arlotan hobekuntza lehiakorra lortzeko, besteak beste, nazioartea, sendotzea eta berrikuntza.
2012an datu positiboak
Iazko Ekonomia Suspertzeko planak datu positiboak utzi zituela ere azaldu dute. Helburuen betetze mailari dagokionez, % 88koa izan zela esan dute, eta 994 enplegu sortu zituela 4,3 milioi euroko aurrekontu oso batekin; haietatik, % 80 udal diru kutxatik zetozela ere azaldu dute.
Planaren lehen edizioan, hiriko langabezia tasarik altuena duen Altza, eta enplegu gehiena suntsitu duen 27 Poligonoa identifikatu zituzten gune horietan krisiaren eragina jasan zuten gune bezala. Hala, bertara bideratu zen hein handi batean suspertze plana.
Era berean, ekintzaileekin egindako lanak 245 enpresa sortzea ekarri zuen, 2011n baino % 26 gehiago, eta nabarmendu beharra daude Altzan sortutako 28 enpresak.