Manifestaziora deitu dute, 'Eusko gudariak' kantatuta Ertzaintza agurtu eta gero
Manifestazio bat egingo dute gaur, 19:00etan, Aske Gunetik abiatuta.
Ertzaintzak 9.45ak aldera utzi du Bulebarra, bertan hiru ordu baino gehiago egon eta gero. Zigortutako sei gazte atxilotu ditu, baina baita beste bi herritar ere. Ertzaintza joaten zen bitartean, gazteek Eusko gudariak abestu eta giza kate bat egin dute. Absolbituetako bat den Beñat Apalategi eta Eleak mugimenduko bozeramaile Txerra Bolinagak hartu dute hitza, bildutako gazteei eskerrak emateko. Atxilotutako senideentzat ere elkartasun hitzak izan dituzte. “Hemen ez da ezer amaitu. Oraindik ere epaitegi politikoek jarraitzen dute. Maiatzaren 7an, Barañaingo gazteek dute epaiketa. Halako ekimenekin geldituko ditugu gazteen aurkako auziak”, esan dute, eta mobilizazioen berri eman dute. Gaur, 19:00etan, manifestazio bat egingo dute Aske Gunetik abiatuta; eta bihar goizean, Martutenera martxa egingo dute.


