Merezitako omenaldia jaso du EHU Ibaeta saskibaloi taldeak
Emakumezkoen Bigarren Mailako ligara irabazi du EHU Ibaeta saskibaloi taldeak, baita datorren denboraldian Espainiako gorengo mailan jokatzeko eskubidea lortu ere. Hau guztia dela eta, udalak harrera egin dio Azu Muguruza entrenatzaileak zuzendutako taldeari. Juan Karlos Izagirre alkateak zoriondu du taldea, eta lortutako arrakasta ez dela kasualitatea nabarmendu du; atzean lan asko dagoela azaldu baitu. “Harrobiaren alde lan egiteaz gain, pertsonen alde egiten duzute, etorkizunerako prestatzen, ikasketak eta kirola uztartuz”, esan du. “Aurrekontu mugatuak izan dituzue, baina beti begiratu duzue aurrera. Lana diruaren gainetik jarri duzute. Nork daki, agian hurrengo urtean hemen gaude berriro, beste arrakasta bat ospatzen”, erantsi du alkateak.
Azu Muguruzak ere hartu du hitza. Lehenik eta behin, publikoki eskerrak eman nahi izan dizkie bere jokalariei. “Eredugarriak dira. Lan itzela egin dute, euren bizitza pertsonala uztartuz”, aitortu du. Udalaren laguntza eskertu du, eta ez bakarrik ekonomikoa, altxortegia dagoen moduan dagoela jakitun. “Emandako babes pertsonala ere eskertzen dugu. Joan den udaraz geroztik, oso babestuak sentitzen gara”, adierazi du EHU Ibaeta taldeko entrenatzaileak.
Ondoren, agerraldien txanda eta gero, opariak banatu dizkiete elkarri; udalak taldeari, eta taldeak udalari. Zintzurra bustitzeko eta mokadu bat hartzeko aukera izan dute ondoren harrerara hurbildu direnek. Hain zuzen ere, taldeko jokalariak, ordezkariak eta udal gobernuko kideak izan dira ekitaldian.