Ekaitz Iberok Martuteneko espetxetik agurtu du herri harresia
Milatik gora lagun bildu dira Bulebarra eta Martuteneko espetxea lotu duen martxan. Herri harresia eguerdi aldera irten da Bulebarretik, bertan agerraldia egin eta gero. Ondoren, Erdialdeko kaleak hartu, Egiatik eta Loiolatik pasa, eta Martutenerako bidea hartu dute. Ekitaldia egin dute espetxearen aurrean. Ekaitz Ibero bertan da kartzelaratua, baina atzo atxilotutako gazteak ez dira Donostiako kartzelan; Arabako Zaballa eta Bizkaiko Basauri kartzeletara eraman dituzte.
Txalo artean hartu dute martxa, espetxera iristerakoan. Jende kopuru handia bildu da ibilbidearen bukaeran, bidetik jendea batu da eta. Une hunkigarriena Ekaitz Iberoren oihuak entzun direnean izan da, kartzelaren pareten beste aldetik. Hain zuzen ere, espetxeko leiho batetik agurtu ditu manifestariak.
Espetxeratutako gainontzeko gazteak bi orduz bakarrik egon dira Martutenen kartzelaratuta, atzo eraman baitzituzten beste espetxetara. Oier Lorenteren amak Irutxuloko Hitzari aipatutakoaren arabera, bere semea, esaterako, Basaurin da. “Alcala Mecon egona zen, eta Basaurin hobeto dago, baina ez dakigu noiz arte izango duten hor. Ondo dago, indarrarekin”, azaldu du gazteen aldeko martxaren bukaeran.