LOMCEri ezetz esateko zortzi mila arrazoi daudela aldarrikatu dute
Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Lege Organikoa (LOMCE, gazteleraz) legearen aurka protesta egin dute eguerdian Donostian. Ekimena Andia kalean abiatu dute, Alderdi Ederren, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Adarraren doinuak lehenengo, eta txalapartariek geroago, eman diote hasiera protestari, Murrizketarik ez, LOMCEri ez, Euskal Herriaren Hezkuntzaren alde, 8.000 arrazoi leloarekin. Jai giroan egin dute, kalejira egin aurretik, kantuan eta guzti ibili dira eta.
Euskal Herriko hainbat ikastetxetan sinadurak bildu dituztela jakinarazi dute; zortzi mila, hain zuzen ere. Hori dela eta, gutxienez zortzi mila arrazoi daudela LOMCEri ezetz esateko aldarrikatu dute. Arduratuta dagoen irakaslegoak deitu du protestara, eta hitza hartu dutenek irakaslegoari berari babesa eman diote. “Uste baino indar handiagoa” dutela nabarmendu dute, eta hitzetatik proposamenetara eta ekintzetara pasa direlako eskerrak eman dizkiete irakasleei.