Martuteneko espetxearen aurrean amaitu da martxa. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Eleak mugimenduko bozeramaile Txerra Bolinagak hitza hartu du Martuteneko espetxearen aurrean, zigortutako gazteen atxiloketa eta espetxeratzea salatzeko egindako martxaren amaieran. “Sei gazte espetxeratu dituzten arren, ez dugu zalantzarik; guk irabazi dugu”, adierazi du. Epaiketa politiko gehiago saihesteko herri harresiarekin jarraitzeko deia egin du, eta ekimena “handitzen eta indartzen” ari delako eskerrak eman dizkie herritarrei. “Borroka ez da bukatu, epaiketa berriak etorriko dira, eta, hori dela eta, deia egiten diegu herritarrei”, berretsi du. Herri harresia ezin izan dutela ekidin nabarmendu du, eta desobedientzia zibilak borrokarako bidea izaten jarraituko duela aurreratu du.
Bestalde, Ertzaintzak gaur goizean lau gazte atxilotu dituela jakinarazi dute, errepidea oztopatzeagatik, atxilotutakoei babesa emateko ekintza gisa. Jose Elosegi hiribidean, Mirakruz gaina ixteko asmoz, kate bat jarri dute. Lau gazteak ekintza hori dela eta atxilotu dituzte. Antzeko gertaera bat izan da Carlos I.aren hiribidean, Amaran. Kate bat eta pankarta bat jarri dituzte bertan, goizean ere.