Montanier (Argazkia: Realsociedad.com).
Realeko entrenatzaile Philippe Montanier pozik azaldu da lortutako puntuarekin. “Etxetik kanpo bi partida jarraian jokatu ditugu, eta lau puntu eskuratu ditugu. Guk izan dugu gertuago garaipena, hiru aukera garbi izan ditugulako, baina partida gogorra izan da, eta ez da erraza Iruñean irabaztea”, adierazi du. “Puntuak batzea da garrantzitsuena”, berretsi du. Zaleentzako ere izan ditu hitzak. “Jarraitzaileen laguntza maila handikoa da. Oso pozik gaude”, erantsi du.
Jokalariei dagokienez, Carlos Martinezek ere ontzat eman du berdinketa. “Etxetik kanpo puntu ona da guretzat”, nabarmendu du. Datorren partida izan du hizpide. “Valentzia dator orain Anoetara; aldea areagotzeko aukera polita dugu”, esan du.
Jokin Aperribai presidenteak, bere aldetik, ez du epaileari buruz hitz egin nahi izan. Epaileak penalti garbi bat ez du ikusi Realaren alde, baina Aperribaik bere iritzia ematea saihestu du. Valentziaren aurkakoa urteko partida izango ote den galdetuta, ezetz esan du. “Bost partida gehiago geratuko dira geroago, eta irabazi beharrean izango gara ere”, aipatu du.