Euskal Kazetarien Elkarteak Ertzaintzak Aske Gunean zegoen kazetari bati emandako tratua gaitzetsi du
http://youtu.be/FxLzihTbT5Q
Joan den ostiralean Bulebarrean ertzainek Lander Arbelaitz Argiako kazetariari eraso egin izanaren inguruan agiri bat plazaratu du elkarteak.
Pasa den ostiralean, Segiko kide izateagatik kondenatutako gazteak babesteko kontzentrazioan, Ertzaintzako hainbat kidek Lander Arbelaitz Argiako kazetariaren kontra egin zuten, honek bere burua kazetari moduan identifikatu arren. Agenteek lurrera bota zuten, eta nahiz eta kazetaria zela oihukatu zuen, kolpeka eta bultzaka eraman zuten beste komunikabideetako kideak zeuden Bulebarreko kioskoraino.
Sarean zabaldutako bideo batean ikusi daiteke gertatutakoa. Bertan ikusten denez, ertzain ugari oldartu zitzaizkion Arbelaitzi. Oihuka esan zien sarri ertzainei kazetaria zela, baina kolpe ugari jaso zituen. Bideoan entzuten denez, “hil dadila” esaten du ertzainetako batek. Egoera lasaitzen ari zela zirudien une batez, baina orduan ertzain bat Arbelaitzen atzetik joan eta hiru poliziaren artean heldu zuten. Gainerako kazetariak zeuden lekura eraman zuten indarrez: Bulebarreko kioskora.
Euskal Kazetarien Elkarteak erasoak jasan dituen kazetariari elkartasuna erakutsi dio. Elkarteak sumina eta kezka adierazi du euskal poliziak izandako jokabideagatik; bideoan ikusten den bezala, kazetariak bere akreditazioa erakusten baitu, eta begi-bistan dago, grabatzen ari den tramankuluarekin batera.
Prentsa profesionalentzako gune bat mugatzearen erabakiari dagokionez, EKEk gogoratzen du, bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta baita gizarteari orokorrean, honelako erabaki bat soilik justifikatuta dagoela kazetariek poliziaren lana ez eragozteko edota beraien burua arriskuan ez jartzeko: “Baldintza hauek nekez ematen dira kontzentrazio baketsuetan. Ez da lekuko deserosorik saihestu behar kamarak eta erreportariak poliziaren parte-hartze tokietatik urrunduz. Gizarte demokratiko batean, kazetariek askatasun osoz mugitzeko eskubidea izan behar dute herritartasunaren informazioren eskubidea bermatu ahal izateko”.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila oraindik ez da Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetariarekin harremanetan jarri ostiraleko erasoaren inguruan azalpenak emateko.