Lasala plazako udalaren eraikina. (Argazkia: Mikel Goñi)
Egun Esterlines kalean dagoen egoitza Lasala plazara aldatzea dute helburu; duela urtebete hasitako negoziaketak berrartzeko eskatu du PSEk.
Partze Zaharreko osasun etxea Lasala plazara leku aldatzeko prozesua bultzatzeko mozioa aurkeztu du PSE-EEk. Susana Garcia chuekak azaldu duenez, duela urtebete, udal gobernuak Osakidetzarekin hasitako hitzarmena berrartzea du helburu mozioak. Egun, Esterlines kalean dago kokatuta eta hitzarmenak Lasala plazan udalaren jabegoa den egoitzara aldatzea ahalbidetuko luke.
Garcia Chuecak azaldu duenez, auzotarrak kezkatzen dituen gaia da hau; “badakigu, auzotar, langile eta erabiltzaileen aspaldiko eskari bat dela hau, horregatik eskatzen dugu, leku aldaketa legealdia amaitu aurretik egitea”, esan du. Izan ere, azaldu du, egungo kokalekuan gabeziak dituela osasun etxeak, hala nola, irisgarritasuna eta anbulantzien sartu eta irtenaldiei dagozkienak.
Bestalde, mozioan, egun Eusko Jaurlaritzan osatzen ari diren aurrekontuetan leku aldaketa honi dagokion partida zehatza eskatu dute.