Izagirre: "Hiri berri bat egin zuten eta Sarriegik musika jarri zion"
Sarriegiren heriotzaren mendeurrena gogoratu dute; txistulariak, bertsoak eta dantza ez dira falta izan.
Halako egun batez, duela ehun urte hil zen Raimundo Sarriegi konpositore donostiarra. Gaur, hura gogoratzeko omenaldia egin diote hiritarrek. Bertan Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek hitz ederrak eskaini dizkio konpositoreari; “duela 200 urte hiri berri bat egin zuten eta Sarriegik musika jarri zion”, esan du hiriaren suntsitzea gogoratuz.
Omenaldia 12:00etan hasi da Konstituzio plazatik, Donostiako Txistulari Taldeari jarraika, segizioa egin dute herritarrek zein udal taldeetako kideek Parte Zaharrean barrena. Lehenengo geldialdia Yurrita botika aurrean egin dute, hain zuzen ere, duela 100 urte konpositorea bihotzekoz hil zen lekuan. Bertan alkateak loreak utzi ditu.
Bere izena daraman Sarriegi plazan egin diote omenaldiaren amaiera. Bertan, une hunkigarria bizitu da, Beñat Gaztelumendi bertsolariak hainbat bertso bota dizkionean, hain zuzen ere, garaikide eta lagun izan zuen Bilintxen Juana Bixenta Olabe doinuan. Hirian haren doinuekin oraindik bizirik dirauela kantatu du besteak beste.
Azkenik alkateak bandera dantza eskaini die bertaratutakoei eta plazan dagoen Sarriegiren eskultura omendu du.
Hala, hainbat herritarrek, horien artean alkatea bera eta udal gobernuko zinegotziren batek ere, azken dantza eskaini diote.
Bukatzeko, herritarrei gonbita luzatu die alkateak lore eskaintzan parte harzeko, eta San Sebastian martxa abestu ondoren hala izan da.
Arratsaldean, 19:30ean udalbatza aretoan ere omenaldia egingo diote orfeoi txikiaren doinuekin. Herritarrei gonbita luzatu diete.