Menchu Gal irundarraren margolanak Kubo aretoan jaso dituzte
Menchu Gal. Paris eta Madril artean izena du Groseko Kubo aretoan zabaldu berri duten erakusketak. Izenburuak dioen moduan, erakusketako protagonista da Menchu Gal (Irun 1919-2008). Guztira, 107 koadro jaso ditu Edorta Kortadi erakusketako komisarioak; 70 olio, 13 akuarela, 12 aguafuerte, 9 marrazki, 2 ur-margo eta eskultura bat. Lan horietatik 88 dira Galenak; gainontzeko 18ak beste hainbat artista garaikiderenak dira, Galekin harremana izandakoak guztiak: Pablo Picasso, Salvador Dali, Jose Gracenea…
Kubo Aretoak Menchu Gali eskainitako erakusketak erakundeen arteko lankidetza-ziklo bat osatzen du, eta arduradunak ziur daude artista hori ikusteaz oso harro egongo litzatekeela. Azken batean, lankidetzaren helburua Irungo artistaren lana ezagutaraztea eta ikertzea da. Galek landutako estiloak, teknikak eta generoak anitzak dira, erakusketan ikus daitekeen moduan; margolanak, marrazkiak, erretratuak, paisaiak…
Menchu Gal familia aberats batean jaio zen, eta Kortadi komisarioaren hitzetan, oso gaztetatik sentitu zuen bere burua margolari gisa, berezkoa baitzuen margotzeko joera eta gaitasuna. Euskal Herriaz gain, Parisen eta Madrilen landu zuen bere pasioa, eta ondoren, mundu zabalean erakusgai jarri zituen bere lanak. “Pintatzea izan zen berarentzat bizitzeko arrazoia, eta baita bere bizimodua ere”, dio Kortadik. Hala, pintura “bizia” gogoko zuela jakinarazi du Kortadik; “arnasten zuen moduan margotzen zuen, azkar, zuzen, sentikor eta adierazkor”.
Edonola, lau aro bereiztu ditu Kortadik Galen margolari ibilbidean: 1930. urtearen bueltan, errealismo xaloa; 1940. urtearen bueltan, kubismo sintetikoa, Picassoren eraginez; 1960. urtearen bueltan, espresionista, Matisse eta Van Dongen eraginez; eta 1990ean hasita, errealismoa. “Menchu Galen margoak beti izan dira egiazaleak, benetakoak, koloretsuak eta indartsuak”, azaldu du Kortadik.
Irailaren 1a arte egongo da zabalik erakusketa, eta horren harira tailerrak eta doako bisita gidatuak egingo dituzte.



