Imanol Vicenteren atxiloketa salatu dute
Imanol Vicente (Amara Berri, 1986) gaztearen atxiloketa eta poliziaren partetik aste hauetan jaso duen jazarpena salatzeko kontzentrazioa egin zuten atzo arratsaldean, Anoeta estadioaren aurrealdean.
Aske Guneak adierazi duenaren arabera, “jasangaitza izan da azken aste hauetan Imanolek Ertzaintzaren partetik jaso duen presioa. Bere etxe inguruan ibili dira etengabe intimidazio eta ezinegon egoera sortuz”. Horregatik, Amara Berriko gazteak asteazkenean aurkeztu zuen bere burua Martuteneko espetxean; Segiko kide izatea egotzita, 6 urteko kartzela zigorra betetzera.
Zigortutako zortzi gazteetatik bakarra gelditzen da espetxeratua izateko; Nahikari Otaegi, alegia. Otaegik azken egunak bizi ditu, aske, Donibane Lohizunen, berak ere bere burua kartzelan aurkeztuko duela iragarri baitzuen duela egun gutxi. Zazpi hilabeteko eta hiru urteko bi ume dauzka, eta espetxeratzen dutenean txikiena berarekin eramango du, zaharrena kanpoan utzita.
Aske Gunea, udalbatzan
Aske Guneak Donostiako Bulebarra «okupatu» zuela salatu zuten atzo Donostiako udalbatzan EAJk, PSE-EEk eta PPk. Udalbatzako aretoa, hain zuzen, puxika eta kamiseta laranjaz bete zen: epaiketa politikoak gelditzeko aldarrikatu zuten bertan bildu ziren laurogei herritar inguruk, eta herri harresira batzeko deia egin zieten talde guztiei. Militantzia politikoagatik gazteak espetxeratu zituztela salatu zuen udal gobernuak, eta benetako eztabaida hori dela argudiatu.
PPko Ramon Gomez Ugaldek, Aske Guneko herritarrek Bulebarra «haien herriko taberna» bihurtu zutela adierazi zuen. Bide beretik jo zuten PSE-EEko Ernesto Gascok eta EAJko Eneko Goiak ere.