XXII. Poltsiko Antzerkia maiatzaren 2tik 19ra izango da
XXII. Poltsiko Antzerkia iristear da. Maiatzaren 2tik 19ra izango da aurtengo programa, eta 13 talderen 27 ikuskizun jasoko ditu. Taularatuko dituzten lanetatik bost antzezlan izango dira euskarazkoak, eta guztira, zortzi emanaldi egingo dituzte.
Iaz 1.700 ikusle izan zituzten antzezlanek eta Donostia Kulturako Jon Aizpuruaren hitzetan oso zifra ona da. Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariak oso argi dauka zergatik duen Poltsiko Antzerkiak halako oihartzuna; izan ere, formatu txiki eta ertaineko proposamen ausartak izaten direla azpimarratu du, ez-ohiko eszenatokietan antzezten dituztela, tabernak, esaterako, eta bertako taldeen lanak ezagutarazteko egokia dela.
Azken batean, antzerkia herritarrengana gerturatzea du helburu ekimenak, eta horretarako, hainbat auzotatik igaroko dira obrak: Loiolako Ardube taberna, Egiako Beti Boga taberna, Antiguako Doka, Amarako Atabal taberna, Intxaurrondoko Jatetxe Makrobiotikoa, Añorgako Antxon Aiestaran Kultur Gunea… ikuskizun guztietarako sarrera doakoa izango da Zuhaitz Gurrutxaga edota Barry Barrez izango dira protagonistetako batzuk.
Satisfaktion
2013ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza Satisfaktion proiektuak irabazi zuen, eta ikusgai izango da, noski, Poltsiko Antzerkiaren egitarauaren barnean. Proiektuak 4000 euroko dirulaguntza jaso zuen proposatutako antzezlana garatzeko eta ekoizteko. Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko sortu da ekimena, eta Khea Ziater taldearen obra da aurtengo irabazlea. Maria Urzelai eta Alex Gerediaga aktoreak gaurko aurkezpenean izan dira, eta euren lanaren berri eman dute. “Gure lanbidearekin aurrera egiteko aukera izan da saria; bultzada eta atzetik dugun taldeari zerbait eskaintzeko aukera eman digu”, adierazi du Gerediagak. “Oso prozesu polita izan da eta diru-laguntzak bidea erraztu digu. Nik neuk buruan nuen pertsonaia bat landu dugu, sexu langile batena, eta Alexek proposatuta, publikoarengandik gertuago egongo den beste pertsonaia bat sartu dugu, aktore bat”, gehitu du Urzelaik.