Euskararen Donostia binakako lasterketan Lasarte-Oriakoak izan dira azkarrenak
Raul Gomez Margallo eta Jose Borja Romerok osatutako bikoteak egin du markarik onena.
Lehen donostiarra, Juanjo Hernandez izan da.
Leku guztietatik inguratu dira gaur Donostiara euskararen binakako lasterketan parte hartzeko. Hiru kategoriatan lehiatu dira bikoteak. Kategoria mistoan bi zarauztar izan dira irabazleak: Iratxe Aranburu eta Ion Iñaki Berasaluze hain zuzen ere. Denbora, 22:52koa egin dute.
Emakumez osatutako bikoteen kategorian, bi oriotar izan dira irabazleak: Nerea Arriaga eta Sonia Alonso (25:24).
Gizonez osatutako bikoteen kategorian Lasarte Oriako Raul Gomez Margallo eta Jose Borja Romero izan dira lehenak (20:31). Haiek egin dute markarik onena.
Lehen emakume donostiarra Eider Gorostegi izan da. Angel Medicis irundarrarekin batera 23:25 minutu behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Kategoria mistoan laugarren bikotea izan dira.
Lasterketa otsailaren amaieran egin behar zuten, baina eguraldia zela-eta aldatu egin zuten. Giro aparta sortu da Bulebarrean, helmugan. AEK Euskalakariren Flickr orrialdean lasterketako hainbat irudi ikusteko aukera duzue.










